Aitor Zulaikak ez du Real Union entrenatzen jarraituko

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 3a, 08:43
Aitor Zulaika eta Igor Emery klubeko presidentea, erabakiaren berri emateko agerraldian. (Real Union)

Entrenatzaile azpeitiarrak 2023ko ekainera arte zuen sinatuta akordioa Real Unionekin, baina klubaren administrazio kontseiluak eta entrenatzaileak kontratua etetea adostu dute. Real Union RFEF Lehen Mailako jaitsiera postuetan dago egun, eta klubak azkenaldiko emaitzak argudiatu ditu Zulaika entrenatzaile postutik kentzeko erabakia arrazoitzerakoan.

Real Unionek atzo jakinarazi zuenez, Aitor Zulaikak ez du futbol talde hori entrenatzen jarraituko. Klubaren administrazio kontseiluak eta entrenatzaile azpeitiarrak kontratua etetea adostu dute, eta Joseba Agirrek ere ez du jarraituko bigarren entrenatzaile gisa. 2023ko ekainaren 30era arte zuen sinatuta akordioa Zulaikak.

Real Union RFEF Lehen Mailako jaitsiera postuetan dago egun, eta klubak azkenaldiko emaitzak argudiatu ditu Zulaika entrenatzaile postutik kentzeko erabakia arrazoitzerakoan. Dena den, klubeko administrazio kontseiluak Zulaikak Irungo taldean egindako "lan eskerga eskertu" nahi izan du, eta datozen erronka profesionaletan "zorterik onena" opa dio. Zulaikak berak nabarmendu duenez, "afizionatu, bazkide eta akziodun zuri-beltz gisa" esango du agur. "Niretzako familia da, eta harro nago".

Zulaikak Irungo (Gipuzkoa) taldean egin duen bigarren etapa 2020ko uztailean hasi zen –lehenago ere aritu zen taldea gidatzen–. Lehen denboraldi hartan, RFEF Lehen Mailara igo zen taldea, Espainiako Futbol Federazioak egindako mailen birmoldaketaren ondoren. Bosgarren sailkatu zen Real Union, 33 puntu batuta. Jokatutako hogei jardunaldietan hamar garaipen eskuratu zituen taldeak, hiru berdinketa eta zazpi porrot, aldeko 26 golekin eta kontrako hemezortzirekin. Hurrengo fasean lau garaipen gehiago lortu zituen, maila berrian postua ziurtatuz.

Joan den denboraldian taldeak RFEF Lehen Mailari eutsi zion lehen multzoan; zortzigarren sailkatu zen 60 punturekin. Guztira, hemezortzi garaipen, sei berdinketa eta hamalau porrot izan zituzten, aldeko 51 golekin eta kontrako 45ekin.

Jaitsiera postuetan

Gaur egun, Real Union hemezortzigarren postuan dago, jaitsiera postuetan. Guztira, hamahiru puntu batu ditu taldeak, hiru garaipen, lau berdinketa eta sei porrotekin. Hamahiru jardunaldi jokatu dituzte, eta hamalau aldeko gol eta kontrako 21 izan dituzte.

Federazio Kopan taldea finalerdietaraino iritsi zen, SD Leioa, Naxara CD, Illueca CF eta Terrassa FC kanporatuz eta CD Arenteiroren aurka galduz. Errege Kopan Real Unionek Cadiz CF kanporatu zuen lehen kanporaketan, eta bigarren kanporaketa abenduaren 20an jokatuko du RCD Mallorcaren aurka.