Urrezko Bikain ziurtagiria jaso du Kulturaz kooperatibak

Julene Frantzesena 2022ko abe. 14a, 09:24
Urrezko Bikain ziurtagiria jaso duten entitateetako ordezkariak –ezkerretik seigarrena da Frantsesena–.

Eusko Jaurlaritzak atzo banatu zituen aurtengo euskararen kalitate ziurtagiriak, Donostiako Kursaal jauregian. Kulturazen izenean Eñaut Frantsesen kooperatibako lehendakariak jaso zuen ziurtagiria. Guztira, 28 entitatek jaso dute aurten ziurtagiria.

Urrezko Bikain ziurtagiria eskuen artean du Kulturaz kooperatibak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak atzo banatu zituen aurtengo euskararen kalitate ziurtagiriak, Donostiako Kursaal jauregian. Han izan ziren Kulturazeko kideak, eta kooperatibako lehendakari Eñaut Frantsesenak jaso zuen ziurtagiria Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eskutik.

Jaurlaritzak lan munduan euskararen erabilera sustatzeko sortu zituzten Bikain ziurtagiriak duela hamabi urte. Ordutik, hainbat izan dira ziurtagiria eskuratzeko prozesua eta ebaluazioa gainditu dituzten erakunde publikoak zein pribatuak. Hiru maila dituzte ziurtagiriek –oinarrizkoa, erdi mailakoa edo zilarrezkoa eta goi mailakoa edo urrezkoa–, eta horietan gorengoena jaso du Azpeitiko kultur kooperatibak. Aurten, orotara, 28 entitatek jaso dute ziurtagiria: hiruk oinarrizkoa, hamalauk erdi mailakoa eta 11k goi mailakoa.