Zehaztu dituzte helduen eta umeen danborradetarako entseguen datak

Julene Frantzesena 2022ko abe. 16a, 09:20
2020ko helduen danborradarako entsegu bateko irudia.

Helduen lehen entsegua urtarrilaren 11n egingo dute, 21:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan, eta hilaren 12an, 17an eta 18an hurrengo hirurak. Umeek, berriz, hiru entsegu egingo dituzte: urtarrilaren 16an, 17an eta 18an, 16:00etan hasita, Izarraitzen.

Hilabete baino zertxobait gehiago falta da sansebastianetarako, baina udala eta danborradako taldeak hasi dira dagoeneko jaiak prestatzeko bilerak egiten. Hainbat erabaki ere hartu dituzte dagoeneko; zehaztu dute, adibidez, noiz egingo dituzten helduen eta umeen danborradetarako entseguak.

Lau saio egingo dituzte helduen danborradako partaideek Izarraitz pilotalekuan. Lehena urtarrilaren 11an, asteazkenez, gauzatuko dute, eta hurrengo hirurak hilaren 12an, 17an eta 18an. Hitzordu guztiak 21:00etarako jarri dituzte. Umeek ere Izarraitzen egingo dituzte prestaketak, urtarrilaren 16an, 17an eta 18an, 16:00etatik 16:45era bitartean.