2030 Euskara Planaren behin-behineko bertsioa urtarrilaren 25ean aurkeztuko dute

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 15a, 09:00

Euskara Mahaia osatzeko proposamena ere agerraldi berean aurkeztuko dute. Basazabal jauregian izango da ekitaldia, 18:30etik 20:00etara. 

Hilaren 25ean, asteazkenez, 2030 Euskara Planaren behin-behineko bertsioa eta Euskara Mahaia osatzeko proposamena aurkeztuko dituzte Basasabal jauregian, 18:30etik 20:00etara bitartean. Udalak, Emun aholkularitzaren batera, udazkenean abiatu zuen Euskara Plana egiteko prozesua, eta 150 bat herritarren parte hartzearen osatu dute plana. 

Planaren sortze prozesuak hainbat etapa izan dituela azaldu du udalak, ohar bidez. "Irailean galdetegi bat zabaldu zen herritarren artean euskararen inguruko pertzepzioak eta erronkak ezagutzeko. Horrez gain, talde dinamikak egin ziren urrian eta azaroan. Denera, sei saio egin zituzten, honako esparru hauen inguruan hitz egiteko: hezkuntza, familia, aisialdia, kirola, jaiak, kultura eta sormena, bizilagun berriak, lan mundua, zerbitzu publikoak, turismoa eta euskalgintza. Bukatzeko, abenduan, hainbat elkarrizketa egin zituzten euskararen arloan lanean ari diren herritarrekin; eta bestelako ekarpenak jasotzeko tartea ere ireki da, mezu elektroniko bidez".

Emunen lana izan da informazio bilketa egitea, mailakatzea eta plan batean jasotzea. Behin lan hori eginda, planaren behin-behineko bertsioa aurkeztuko dute urtarrilaren 25ean, herritarren azken ekarpenak jaso, eta behin betiko plana osatzeko.

Eneritz Albizu Euskara batzordeburuak eskerrak eman dizkie prozesu honetan parte hartu duten guztiei: "Guretzat zorte handia da plan hau herritarrekin batera egiteko aukera izatea. Bulegoetan osatutako plan batek ez du zentzurik, herritarren pertzepzioak, beharrak eta iritziak funtsezkoak dira euskara sustatzeko plangintza bat diseinatzerakoan". Albizuk nabarmendu du hainbat esparrutako herritarrek parte hartu dutela, eta horrek "ikuspegi osoa" eman diola diagnostikoari zein planari berari.

Horrez gain, gogorarazi du aurkezpen eguna bera ere ekarpenak egiteko baliatu daitekeela: "Bi helburu ditu plan hau jendaurrean aurkezteak. Batetik, herritarrei informazioa itzultzea: jende askok parte hartu du prozesuan, eta emaitza erakutsi behar zaie beraiei zein gainontzeko herritarrei. Bestetik, ordea, ekarpenak egiteko aukera eman nahi dugu, azken emaitzan zerbait falta daitekeelako edo, agian, norbaitek orain artean ez duelako izan modurik bere iritzia emateko".

Bukatzeko, Euskara batzordeburuak nabarmendu du Azpeitia udalerri euskalduna den arren, asko dagoela egiteko, "orain, inoiz baino gehiago". "Gure bizimodua, ohiturak, herria bera, aldatzen ari dira; oso azkar. Euskaraz biziko bagara, erronka horiei guztiei errotik heldu beharko diegu, eta orain artean bezala, euskararen aldeko hautua berretsi".