Lortutakoak ospatuta, aurrera jarraitzeko asmoari eutsi diote pentsiodunek

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 16a, 13:16

Mobilizazioen bost urteko ibilbidea gogoratzeko tartea hartu du gaur Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Azpeitian 40 bat lagun elkartu dira asteleheneroko elkarretaratzean, eta ondoren mokadutxoa eginez ospatu dute data berezia.

Borrokatzeak merezi du, lorpenak lekuko. Lelo horrekin deituak zituen gaurko Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) herriz herriko astelehenetako mobilizazioak. Izan ere, gaurkoan gogorarazpena eta ospakizuna gehituta atera dira kalera pentsiodunak, bost urte bete direlako pentsio eta zerbitzu publiko duinen alde mobilizatzen hasi zirenetik.

Azpeitiko Pentsiodunen Plataformak bat egin du deialdiarekin, eta 40 bat lagun elkartu dira gaur Azoka Plazan. Astelehenero ohi dutenez, 12:00etan elkarretaratzea egin dute; beste behin, Pentsio, zaintza eta osasungintza publiko eta duinak. 1.080 euro gutxieneko pentsioa dioen pankartaren atzean batu dira. Elkarretaratzea amaitu aurretik, EHPMk gaurkorako prestatu duen adierazpena irakurri dute. Eta ondoren, bost urteotako borrokarekin lortutakoak ospatzeko zein aurrera begira aldarrikatzen segitzeko indarrak hartzeko, mokadutxoa egin dute Azoka Plazan bertan.