Dena prest da sansebastianetarako

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 17a, 11:02
Atzo arratsaldean udaletxean egin zuten San Sebastian jaien aurkezpena.

Helduen danborradan 30 taldek eta 1.500 bat herritarrek parte hartuko dute; haurrenean, berriz, hamar taldek eta 500 bat umek. Ardozaleak taldea eta Juan Antxieta musika eskola omenduko dituzte aurtengoan, eta Aitor Expositok egin du karroza, Euskal Antzerki Topaketen 40. urteurrena gai hartuta. San Sebastian bezperako eta banderaren jaitsierako danborrak udaletxeko balkoitik ikusteko zozketa jarri du martxan udalak.

Hemen dira sansebastianak. Bi urteko halabeharrezko etenaldiaren ostean, etzi hasi eta igandea bitartean festa giroa nagusituko da herrian, eta atzo arratsaldean, helduen zein umeen danborradan parte hartuko duten hainbat talderen ordezkariak, Nagore Alkorta alkatea eta Mikel Odriozola Festa batzordeburua udaletxeko goiko solairuan elkartu ziren aurtengo lehendabiziko festa handia aurkezteko.   

San Sebastian egunaren bezperako helduen danborradan 30 taldek eta 1.500etik gora herritarrek hartuko dute parte; San Sebastian egunez egingo duten umeen danborradan, berriz, hamar taldek eta 500 bat umek. Gogoz daude batzuk zein besteak, eta ia guztia prest du udalak. "Pozgarria da berriro ere hain geureak eta horren parte hartzaileak diren sansebastian festen bezperan egotea. Azpeitiar askok eta askok gogoz bizi ditugu festa hauek, danborra joz edo kalean taldeak ikusiz, txaloak joz edo animatuz", adierazi zuen Nagore Alkorta alkateak festen aurkezpenean.

Berrikuntzak izango direla ere aipatu zuen alkateak, baina bere ustetan, berrikuntzarik onena berriro kaleak hartzea izango da. "Jendetza izango da beste behin danborraren bueltan kalejiran, eta ohi bezala, aniztasuna eta parte hartzea izango da nagusi. Heldu naiz gazte, emakume zein gizon… denentzako moduko festak izango dira aurtengoak ere", gaineratu zuen.

Hain zuzen ere, helduen danborradari dagokionez, bat izango da aurtengo berrikuntza nagusia: Pantxoa eta Peioren Batasuna kanta berria. San Sebastian bezperako danborradan zein banderaren jaitsierakoan joko dute; plazan entzungo den azken kanta izango da.

Bi omendu

Helduen danborradako Ardozaleak taldeak 50 urte beteko ditu aurten San Sebastian bezperako danborradan eta, horrelako urteurrenetako ohi denez, udalaren eta danborradaren omenaldia jasoko du taldeak gauerdian bandera igo ondoren. Haurren danborradan, berriz, Juan Antxieta musika eskola omenduko du udalak, 40 urte betetzen dituelako aurten. "40 urtez herriko haur eta helduak musikaz hezi ditu eta gure kaleak ere animatzen dituzte beren doinuekin. Polita iruditu zaigu musika protagonista duen festa honetan beraiek omentzea", zehaztu zuen alkateak. Umeen danborrada plazara iristen den unean egingo dute hori, udaletxean.

Haurren danborradan aterako duten karrozaren egileak, Aitor Expositok, ez zuen parte hartu atzoko aurkezpenean, baina udal ordezkariek eman zuten haren lanaren nondik norakoen berri. Expositok danborradarako karroza egiten duen bigarren aldia izango da aurtengoa, eta oraingoan, Euskal Antzerki Topaketak izan du gaia. Modu horretara eman nahi diete bukaera Antzerki Topaketen 40. urteurren ospakizunei

Horretaz guztiaz gain, sokamuturrik ere ez da faltako aurtengo sansebastianetan; bi egunez ibiliko da zezena kalean: hilaren 20 eta 22an.

Balkoitik ikusteko bi zozketa

Duela zenbait urte San Sebastian bezperako danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko aukera ematen hasi zen udala, hala nahi luketen herritarren artean zozketa eginda. Eta zozketa horrek nolako harrera izaten duen ikusita, aurten, bezperako danborrada ez ezik, banderaren jaitsierakoa ikusteko aukera ere emango du. Egun bakoitzean zortzi bikotek izango dute aukera.

Bi zozketa egingo ditu udalak, bezperako danborradarako bat, eta banderaren jaitsierako danborradarako bestea, eta zozketarako izena ematerakoan herritarrek zehaztu egin beharko dute zein egunetan edo bi egunetan ikusi nahi luketen danborrada udaletxeko balkoitik. Bihar, asteazkena, 10:00ak arteko epea dute zozketan izena emateko, udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943-15 70 68 telefonora deituta. Izen abizenak, zein egunetako zozketan parte hartu nahi duten eta kontakturako telefono zenbaki bat utzi beharko dute parte hartzaileek.

Bukatzeko, bi ohar eman zituzten atzoko aurkezpenean parte hartu zuten udal ordezkariek. Batetik, herritarrei festak "aske" bizitzeko eta "ingurukoei ere aske sentiarazteko" deia egin zien alkateak, eta azpimarratu zuen Azpeitian erasoek ez dutela tokirik. Bestetik, Mikel Odriozola Festa batzordeburuak errespetua eskatu zuen: "Festetan batzuk gozatzeko, beste askori lana egitea tokatuko zaigu, eta lana egin behar duten horientzako errespetua eskatu nahi dut". Festaz gozatzeko deiarekin amaitu zuten hitzartzea.

Sansebastinetako egitaraua

San Sebastian bezpera

  • 22:00. Helduen danborrada, Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda.
  • 00:00. Talde guztiak plazan elkartuko dira eta Ardozaleek 50. urtemugako oroigarria jasoko dute udaletxean.

San Sebastian eguna

  • 09:00. Izarraitz txistulari taldeko kideen eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen goiz eresia, kalez kale.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek kalejira egingo dute plazatik hasita, eta Udal Musika Bandako musikariak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroak izango dituzte lagun.
  • 10:15. Udal ordezkariak udaletxearen aurretik Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango dira.
  • 10:30. Prozesioa, Alde Zaharrean barrena.
  • 10:45. Meza nagusia, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzetako eta Azketa ahots taldeko kideek parte hartuko dute elizkizunean. Ignacio Arakistain arduratuko da elizkizunean organoa jotzeaz.
  • 12:00. Sokamuturra, Erdikaletik aterara, plazan. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
  • 12:30. Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik aterata, umeen danborrada. Kalez kale ibiliko dira hamar taldeak, eta plazan bukatuko dute ekitaldia. Gainera, taldeak plazan direla, Juan Antxieta musika eskolak omenaldia jasoko du. Halaber, danbor taldeekin batera aterako da karroza. Aurtengoa Aitor Expositok egin du, Azpeitiko 40. Euskal Antzerki Topaketak gai hartuta.
  • 16:30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. 20:00etara bitartean ohiko ibilbidea egingo du sokamuturrak. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
  • 23:15. Bandera jaitsierako danborradaren hasiera. Bustinzuriko Errebaletik abiatuko dira jaitsieran parte hartuko duten taldeak (Gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Basazabal eta Iraurgi SB), eta Alde Zaharrean kalejira eginda, plazan bukatuko dute ibilbidea.
  • 00:00. Banderaren jaitsiera plazan. Udal Musika Bandak joko ditu danborradako piezak, zuzenean.

Urtarrilak 22, igandea

  • 12:00. Zezen Beltzek antolatuta, sokako zezen txikia Erdikaletik plazara. Ondoren, Bergarako Zezenak ganadutegiko zezen txikiak eta poniak plazan.
  • 16:30. Zinuema: Gabi filma. UEMAk eta Tinkok zinema aretoetan euskarazko eskaintza bermatzeko sortu duten egitasmoaren barruan emango dute filma.
  • 16:30.Erdikalean hasita, sokamuturra; ohiko ibilbidea izango du 20:00etara bitartean. Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak izango dira