Danbor, barrika eta atabal txikien txanda da

Erredakzioa 2023ko urt. 20a, 11:00
Umeen danborradako irudi bat.

500 bat umeren partaidetzarekin, gaur, San Sebastian egunez, 12:30ean abiatuko da danborrada Olazko Andre Mariaren plazatik. Alde Zaharrean barrena ibiliko dira parte hartzaileak eguerdia bitartean, eta karrozak itxiko du desfilea.

Pandemiak eragindako aldaketa guztiak atzean utziko ditu aurtengo umeen danborradak. Izan ere, danbor jotzaile txikienek martxoan ospatu zuten iaz danborrada, osasun egoerak hobera egin zuenean; 2021ean, berriz, ez zen egin danborradarik.

Normaltasunera itzulera hori partaidetzan ere nabarituko da aurtengoan: hamar taldek osatuko dute aurtengo umeen danborrada. Honako hauek dira talde horiek: Ikasberriko sukaldariak (1), Karmelo Etxegaraiko napoleoi gorriak (2), Iraurgiko Zumalakarregi taldea (3), Ikasberriko Gipuzkoako tertzioak (4), Iraurgiko mikeleteak (5), Karmelo Etxegaraiko napoleoi urdinak (6), Juan Antxieta musika eskola (7), Karmelo Etxegaraiko Bizkaiko tertzioak (8), Itsasi (9) eta Iraurgiko ezpatadunak (10). Guztira, 500 ume inguru izango dira gaur eguerdian egingo den danborradan.

Honako hau da taldeek bukaeran, plazan, izango duten kokapena:

Danbor festa, ohiko ordutegiarekin, 12:30ean, hasiko da, Olazko Andre Mariaren plazatik; talde batzuk Arana kaletik eta Bustinzuriko Errebaletik jaitsiko dira hara, eta besteak, berriz, Artzubitik igoko dira. Ohiko legez, Aranatik abiatuko da karroza, eta hura arduratuko da desfilea ixteaz. Azpeitiko Antzerki Topaketen 40. urteurrenari eskainitako karroza Aitor Expositok diseinatu du eta Ikasberri Ikastolako umeak joango dira haren gainean. Gainera, karrozaren atzetik inudez, mikeletez eta abarrez jantzita desfilean irten nahi dutenek ere Aranera joan beharko dute.

Alde Zaharreko kaleak igaro ondoren, danborrada plazara iristean izango da omenaldiaren unea. Udalak Juan Antxieta mu- sika eskolako kideak omenduko ditu udaletxeko areto nagusian, musika eskolak 40 urte beteko dituelako aurten.

Ez dira, ordea, eguneko danbor hots bakarrak izango eguerdikoak; gauean banderaren jaitsiera ekitaldia izango da. Aurten, Gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza eta Etxera taldeei egokitu zaie danborrada egitea, baina ostirala izanik, beste bi talde ere batuko dira festara: Basazabal eta Iraurgi SB.

Erlazionatuak

Umeen danborrada, taldez talde

Erredakzioa 2023 urt 20 Azpeitia

Danborradarako gogoz

Urritz Agirrezabal (Iraurgi Ikastetxeko ikaslea) 2023 urt 20 Azpeitia

Festarik onenak

Nara Priya (Karmelo Etxegarai Ikastolako ikaslea) 2023 urt 20 Azpeitia