Bihar egingo dute haurren danborrada

Julene Frantzesena 2023ko urt. 19a, 13:24
Umeen danborradako irudi bat.

Bihar eguerdirako eguraldiak hobetzera egingo duela iragarri dutela eta, San Sebastian egunez egingo dute umeen danbor festa. Erabakia gaur hartu dute umeen danborradako taldeetako kideek, ikastetxetako guraso elkartetakoek eta udaleko ordezkariek. 12:30ean hasiko da danborrada.

Bihar, San Sebastian egunez, egingo dute umeen danborrada. Hala erabaki dute gaur umeen danborradako taldeetako kideek, ikastetxetako guraso elkartetakoek eta udaleko ordezkariek. Izan ere, biharko egin duten eguraldi iragarpena astearen hasieran eginda zutena baino hobea da. Horrenbestez, herriko umeek bihar ospatuko dute danbor festa, ohi bezala.

12:30ean hasiko da haurren danborrada, Olazko Andre Mariaren plazatik; talde batzuk Arana kaletik eta Bustinzuriko Errebaletik jaitsiko dira hara, eta besteak, berriz, Artzubitik igoko dira. Ohiko legez, Aranatik abiatuko da karroza, eta hura arduratuko da desfilea ixteaz.