Danbor jotzaile txikiek hartu dituzte herriko plaza eta kaleak

Nerea Uranga 2023ko urt. 20a, 15:15

Bai, eguraldia lagun izan dute haurrek beren danbor festaren orduan. Hamar taldetan banatuta, 500 umek parte hartu dute gaur, San Sebastian egunean, haurren danborradan. Talde guztiak herriko plazan elkartu direnean, Juan Antxieta musika eskolakoek udalaren omenaldia jaso dute, eskolak 40. urte bete dituela eta.

Bezperako helduen danborradaren garaian ez bezala, eguraldia aldeko izan du San Sebastian eguneko haurren danborradak. 12:30ak jo orduko atera dira danbor jotzaile txikiak Olazko Andre Mariaren plazatik. 500 ume inguruk parte hartu dute, hamar taldetan banatuta. Honela atera dira danbor taldeak hurrenez hurren: Ikasberri Ikastolako sukaldariak, Karmelo Etxegarai Ikastolako napoleoi gorriak, Iraurgi Ikastetxeko Zumalakarregi taldea, Ikasberri Ikastolako Gipuzkoako tertzioak, Iraurgi Ikastetxeko mikeleteak, Karmelo Etxegarai Ikastolako napoleoi urdinak, Juan Antxieta musika eskolako taldea, Karmelo Etxegarai Ikastolako Bizkaiko tertzioak, Itsasi dantza taldea eta Iraurgiko ezpatadunak. Danbor jotzaileen atzetik, Euskal Antzerki Topaketak 40 urte gai duen karroza dotorea atera dute; Aitor Expositok diseinatu du.

Alde Zaharreko kaleetan ibili ondoren, herriko plazan elkartu dira umeen danborradako talde guztiak eta karroza. Ohi bezala, taldeetako banderadunak udaletxeko balkoira igo dira. Une horretan, Azpeitiko Udalaren omenaldia jaso du Juan Antxieta musika eskolak; izan ere, eskolak 40 urte bete ditu. Nagore Alkorta alkateak eman dio oroigarria musika eskolan urte gehien egin dituen Maixol Ucini. Alkateak nabarmendu du, festak musika eta kolorea dituela berekin, eta horiek gabe ez dela jairik. Era berean, herriko festetan musika eskolak egiten duen lana nabarmendu du alkateak.

Umorez, festa giro ederrean eta normaltasunez egiteko aukera izan da aurtengo sansebastianeko umeen danborrada.