II. Euskal Duatloiaren kanporaketa izango da otsailaren 11n zezen plazan

Julene Frantzesena 2023ko urt. 23a, 12:00
Ugaitz Mugertza iazko finalean korrika. (Mailo Oiarzabal)

21 kirolari ariko dira aizkora eta korrika egitea uztartzen dituen proban parte hartzen. 17:30ean hasiko da txapelketa, eta denbora onena egiten duten sei kirolariak sailkatuko dira martxoaren 5ean izango den finalera.

Euskal Duatloiaren bigarren edizioa Azpeitian egingo dute. Iazko gisan, herriko zezen plaza aukeratu dute aizkora eta lasterka egitea uztartzen dituen proban egiteko. Otsailaren 11n, larunbatez, izango da kanporaketa saioa, 17:30ean hasita, eta 21 kirolari ariko dira lehian. Sarrerak hogei eurotan salduko dituzte Azpeitiko Mendizabal jatetxean eta Tolosako Kantabrikon.

Egun horretan honako kirolari hauek saiatuko dira finalerako txartela eskuratzen: Olano, Oier Kañamares, Jauregi, Olasagasti, Mindegia, Pellejero, Suharri, Corchero, Soroa, Zaldua, Garaiburu, Naredo, Dani Vicente, Julen Kañamares, Axel, Emilio Garcia, Saralegi, Utxu, Etxeluze, Santamaria eta D. Lopez.

Horiek 45 ontzako bi enbor ebaki beharko dituzte aurrena. Ondoren, bi kilometro gauzatuko dituzte zezen plazan korrika, eta segidan, 45 ontzako bi zutikako enbor ebaki beharko dituzte. Denbora onena egiten duten sei kirolariak sartuko dira finalera. Hitzordu hori ere Azpeitian izango da martxoaren 5ean, igandez.

Iaz egin zuten herri kiroletako duatloiaren lehen edizioa, eta orduko hartan Ugaitz Mugertza mutrikuarra nagusitu zen.