Otsailaren 4an izango da Gau Txori argazki rallyaren XIII. edizioa

Julene Frantzesena 2023ko urt. 24a, 09:30
Gau Txori argazki rallyko sariak.

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako lehiaketa 19:00etatik 01:00etara bitartean egingo dute. Egunean bertan eman ahalko da rallyan parte hartzeko izena.

Gau Txori argazki rallyaren XIII. edizioa izango da aurtengoa, eta otsailaren 4rako, zapatua, jarri du hitzordua Azpeitiko Argazki Elkarteak.

Memoria txarteldun kamera digitala duen edonork parte har dezake lehiaketan, eta izena rallyaren egunean bertan egin beharko dute parte hartzaileek, 19:00etatik 20:00etara bitartean, elkarteak Dinamoa sormen gunean duen egoitzan (Soreasu auzunea). Argazkilari bakoitzak hamar euro ordaindu beharko ditu.

Argazkilari bakoitzak memoria txartel hutsa eraman beharko du rallyra, eta argazkiak Azpeitian atera beharko ditu, zuri-beltzean edo koloretan nahiz JPG formatuan, eta horiek ahalik eta kalitate onena izan beharko dute.

Rallya 01:00etan bukatuko da Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan, argazkilariek argazki txartelak hustuta. Argazkilari bakoitzak, gehienez, 36 irudi aurkeztu ahal izango ditu –kontroleko argazkia barne–, eta antolatzaileek adierazi dutenez, irudiak ezingo dira manipulatu.

Otsailaren 9rako

Rallyan gaia jarrita atera beharko dituzte irudiak parte hartzaileek, eta Argazki Elkarteko kideek azaldu dutenez, epaimahaiak argazkien "berezkotasuna, sormena eta teknika" izango ditu kontuan puntuak ematerakoan.

Antolatzaileek emandako gai bakoitzeko argazki bat aurkeztu beharko dute argazkilariek otsailaren 9a baino lehen; irudiak argazkiakaae@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte, partaidearen zenbakia eta gai bakoitzeko argazkiaren zenbakia zehaztuta.

Sari banaketa ekitaldia noiz egingo duten ez dute zehaztu oraindik, baina lau sari izango dira eskuragai: bilduma onenaren saria (150 euro eta garaikurra), bigarren sailkatuaren saria (100 euro eta garaikurra) eta hirugarren sailkatuaren saria (70 euro eta garaikurra), eta sari horiek jasotzen ez ditun herriko lehen sailkatuak ere garaikurra eskuratuko du.