Herriko 22 jolas parke konpondu edota eraberrituko ditu Azpeitiko Udalak

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 24a, 17:01
Done Jakue kaleko parkean zorua berrituko dute. (Ihintza Elustondo).

Hemeretzitan "hobekuntzak" egingo ditu, eta hiru erabat berritu: Balentina Agirre plazakoa, Etxe Alai auzokoa eta Iñaki Azpiazu kalekoa. Herriko 31 haur parkeak aztertu ondoren hartu du erabakia erakundeak.

Udalerrian dauden 31 haurrentzako jolas parkeetatik 22tan hobekuntzak iragarri ditu Azpeitiko Udalak. Hain zuzen ere, hemeretzi parketan hobekuntzak eta konponketa lanak egingo ditu erakundeak, eta hiru erabat berrituko ditu: Balentina Agirrekoa, Etxe Alaikoa eta Iñaki Azpiazukoa. "Haurrei jolaserako eremu seguruak eta egokiak eskaintzeko" helburuarekin, herriko parkeen inbentarioa eta horien egoeraren azterketa egin du erakundeak, eta lan horretan oinarrituta erabaki ditu hartu beharreko neurriak. Horrela, bi lehiaketa publiko jarri zituen martxan udalak, konpondu edota berritu beharreko parkeen lanak emateko.

Urdabil 2000 SL enpresak egingo ditu hemeretzi parketako konponketa lanak; 59.144 euro inbertituko ditu udalak lan horietan, eta "epe laburrean" hasiko direla aurreikusi dute udal arduradunek. Konponduko dituzten hemeretzi parkeen zerrenda ez du zehaztu erakundeak, baina aurreratu du Done Jakue kalekoan zoru osoa aldtuko dutela, eta parke estalian eta beste zenbaitetan "hobekuntzak" egingo dituela. "Jolaslekuak edo jolasak konpondu edo berritu ere egingo dira beste guneetan", gaineratu du udalak, ohar bidez.

Hiru parke berritzeko lanak, esleitzear

Balentina Agirre plazako, Etxe Alai auzoko eta Iñaki Azpiazu kaleko parkeak dauden eremuetan sakonagoak izango dira aldaketak, "haur parke horietan dena berrituko" baitute. "Berritzerakoan, kontuan izan dira adin desberdinetako haurren eta gaztetxoen beharrak eta gaur egungo parkeen erabilerak; eta aniztasun funtzionala dute herritarrentzako erabilgarri diren jolasak jarriko dira", udalak azaldu duenez.

Hiru parke horiek berritzeko lanen aurrekontua 228.168 eurokoa da, eta lanak adjudikatzeko lehiaketa publikoa "azken fasean" dago. Horrela, obrak otsaila eta martxoa artean hastea aurreikusi du udalak.

"Haur eta gaztetxoentzako 31 jolasgune ditugu Azpeitian. Asko dira, herriko gune eta auzoetan banatuta daude eta guztiek ere erabilera handia dute. Haurren aisialdirako eta jolaserako eremu egokiak eskaintzeko helburuz, ohiko mantentze lanez gain, ezohiko azterketa egin dugu parkeen egoerari buruz, eta horren ondorioz egingo ditugu berrikuntzak", azaldu du Leire Goenaga Hezkuntza batzordeburuak jolas parkeen inguruan udalak egindako lanketa.