Azpeitiko Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztu dute

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 26a, 15:14
Euskararen Plan Estrategikoaren aurkezpen, atzo, Basazabal jauregian. (Mailo Oiarzabal)

Herritarren ekarpenekin osatutako plangintza aurkeztu du udalak. 2023-2026 eperako hiru erronka nagusi, bost lan ildo eta 50etik gora ekintza jasotzen ditu planak, azken horietatik hemeretzi aurten martxan jartzea proposatuz. Euskara Mahaiak hartuko du plana garatzeko eta horren jarraipena egiteko ardura, eta mahai hori "osatzea eta egonkortzea" izango da, hain zuzen ere, lehen egitekoa. Otsailaren 8an egingo da horretarako lehen bilera.

Azpeitiak badu bere Euskararen Plan Estrategikoa (hemen dokumentu osoa, PDF formatuan). Joan den udazken hasieran martxan jarritako parte hartze prozesuan jasotakoak ardatz dituen dokumentua atzo aurkeztu zuen udalak Basazabal jauregian, aipatutako prozesuan parte hartu zuten hainbat eragiletako ordezkarien eta norbanakoen aurrean. Lau urterako plangintza da, 2023-2026 epean gauzatzeko pentsatutakoa, eta berekin lotuta dakar bilgune eta tresna berri baten sorrera: Euskara Mahaiarena.

Parte hartze prozesuaren ekarpena goraipatu eta eskertu zuen Eneritz Albizu udaleko Euskara batzordeburuak planaren aurkezpeneko sarreran. 89 herritarrek egin zituzten ekarpenak udalak etxez etxe zein sarean zabaldutako inkestan, eta 55 lagunek parte hartu zuten arloz arloko aurrez aurreko hausnarketa saioetan, eta herritarren erantzunarekin gustura azaldu zen Albizu. "Bakoitzak bere betaurrekoekin" eginda, baina ekarpen gehienek ideia, kezka eta behar beretsuak azpimarratu dituztela nabarmendu zuten atzo Albizuk zein planaren prozesua gidatu duten Emuneko aholkulariek; eta horietxek jaso dituzte, hain zuzen ere, Euskararen Plan Estrategikoan. "Udalak argi zuen Euskara Plana ezin zela bulego batean sartuta egin, herritarrekin eta bakoitzak bere esparrutik ikusten duena kontuan hartuta egin behar zela baizik", azpimarratu zuen batzordeburuak. "Ikuspegi oso bat eduki nahi genuen, euskarak aurrera egingo badu, euskara hizkuntza normalizatua izango bada, esparru denetan izan behar duelako hizkuntza normala. Horretarako, denetik eta denok eragin beharko dugu", azaldu zuen Albizuk.

"Egiteko moduak aldatzea" proposatzen duen plana gauzatu dutela esan zuten atzo Basazabalen, eta Azpeitian kultur arloan jorratutako bideari erreferentzia egin zion Kultura batzordeburu ere baden Albizuk: "Herri honetan lehendik badaukagu gauzak desberdin egiteko modu bat, eta kulturaren arloa da horren erakusgarri. Kultur Mahaiari eta Kulturaz kooperatibari esker, asko ikasi dugu herriak eta erakundeok norabide berean lana nola egin dezakegun, baliabideak jarrita eta herriari hitza emanda. Euskaran ere eredu hori jarraitzea nahiko genuke nolabait, posible delako eredu hori beste gaietan ere lantzea eta pixkanaka zabaltzea. Ez da berdin-berdina izango, baina gauzak egiteko modu bat da eta horri heldu nahi genioke".

Erronkak, lan ildoak eta ekintzak

Azpeitian euskararen ezagutza eta erabilera oraindik egoera osasuntsuan daudela abiapuntuan jarrita, baina egoera horrek epe labur-ertainean okerrerako bidea har dezakeenaren zantzuak kontuan hartuta erabaki zuen udalak Euskara Plana egitea. Zantzu horiei aurre egiteko proposamenak eta lehentasunak jorratu zituzten herritarrek parte hartze prozesuan, eta horiek daude plangintza berriaren oinarrian. Azpeitian euskarari eusteko, hizkuntzaren ezagutza eta erabilera indartzeko, eta herritarren euskararekiko kontzientzia indartzeko tresnak eskaini nahi ditu, finean, Azpeitiko Euskararen Plan Estrategikoak.

Horretarako, 2023-2026 eperako hiru erronka nagusi, bost lan ildo eta 50etik gora ekintza jasotzen ditu planak. "Euskararen egoeraz kontziente den eta hizkuntzak herriko bizikidetza eraikitzeko erabiltzen dituen herria izatea Azpeitia, betiere euskara ardatz (erdigune) duela. Euskaraz sortuko duen eta euskaraz bizi den herria izatea eta hiztun kontzienteak dituena". Hori da planaren misioa, plana bultzatzen duen ideia eta haren helburua. Azpeitian euskara "egoera soziolinguistiko osasuntsuan" dagoela "baina aldi berean hainbat arrisku eta erronka garrantzitsu" dituela kontuan hartuta osatutako plana da atzo aurkeztu zutena. Plana gauzatzeko, paperetik herrira eramateko, berriz, herritarrak, horien harreman sareak eta dinamikak jarri nahi ditu erdigunean. "Horregatik, Plan Estrategikoa egiteko prozesuan parte hartu duten eta interesa erakutsi duten herritarrekin abiatuko da, baina beti izango du kolektibo berrietara iristeko eta geroz eta anitzagoa izateko iparra".

Hauek dira planean jasota dauden hiru erronka nagusiak eta horietatik abiatutako bost lan ildoak:

  • Euskararen biziberritzea ikuspegi komunitariotik lantzen duen herria: herriko hizkuntza politikaren gidaritzarako eta jarraipenerako gobernantza partekatuaren ereduan antolaturiko gune parte hartzailea sortzea.
    • Gobernantza partekatuaren bidezko antolaketa.
    • Bizikidetza eraikitzea euskara erdigunean jarrita eta bestelako hizkuntzak kontuan hartuta.
  • Hizkuntza portaera kontzienteak dituzten herritar saretuak: herritarrek euskararen, Azpeitiko eta Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoaren eta hizkuntza ohituren kontzientzia hartzea.
    • Kontzientziazioa eta sentsibilizazioa landu.
  • Euskaraz bizi den herria: euskara Azpeitiko bizikidetzarako muina izatea / bilakatzea. Euskaraz bizi den herri eleanitza izatea eta hori herritarren artean barneratzea lortzea.
    • Euskararen erabilerari eustea eta gune gehiagotara areagotzea.
    • Euskararen ezagutza areagotzea.

50etik gora ekintza proposatzen ditu planak datozen lau urteetan gauzatzeko. Horientzako urtez urteko egutegia ere proposatzen da planean; horrela, hemeretzi dira 2023an martxan jarri nahi diren ekintza zehatzak.

Euskara Mahaia

Euskara Mahaia "sortzea eta egonkortzea" da, hain zuzen ere, abiapuntuan dagoen ekintza "Plan hau denon artean egin dugu, baina horren jarraipena eta urtez urteko lana ere, Euskara Mahaiaren bidez, denon artean egitea nahiko genuke", esan zuen atzo Albizuk.

Euskararen Plan Estrategikoaren urteko plangintzaren "eragile eta zaindari" izateko helburuarekin jaioko da Euskara Mahaia. Euskalgintzako kideek ez ezik, plana osatzeko parte hartze prozesuan parte hartu duten arlo desberdinetako eragileek zein gaiarekiko interesa duten norbanakoek ere mahaian parte hartzea nahi dutela esan zuen atzo Albizuk. Mahaiaren funtzioamendurako proposamena ere azaldu zuen batzordeburuak. Urtean hirutan elkartuko da Euskara Mahaia: urte hasieran, urteko plangintza osatzeko; uda aurretik, plangintza horren jarraipena egiteko; eta urte amaieran, urteko lanaren balorazioa egiteko.

Ordu eta erdiko bilera "praktikoak" izatea nahi dutela zioen Euskara batzordeburuak, "aurrez landutakoak"; horregatik eta horretarako, azpitaldeak sortzeko aukera planteatu zuen.

Euskara Mahaiaren bidea egiten hasteko lehen hitzordua zehaztu dute: otsailaren 8an egingo dute mahaia sortzeko lehen bilera, 18:30ean, Basazabalen.