Ilustrazio Zientifikoaren Lehiaketa irabazi du Patxi Juaristi azpeitiarrak

Maialen Etxaniz 2023ko urt. 27a, 12:32
Patxi Juaristi azpeitiarra, saritutako ilustrazioa eskuetan duela. (EHU)

Itsaspeko fauna eta flora izan da Ilustrazio Zientifikoaren Lehiaketaren hirugarren edizioko gaia, eta azpeitiarrak arrainak irudikatu ditu sortutako ilustrazioan. EHUk eta Plentziako Itsas Estazioak antolatu dute lehiaketa aurtengoan.

Patxi Juaristi azpeitiarrak Ilustrazio Zientifikoaren lehiaketaren hirugarren edizioa irabazi du. Juaristik azaldu duenez, "ilustrazio zientifiko klasikotik pixka bat aldentzen den ilustrazioa" aurkeztu zuen lehiaketara: "Erabat bukatu gabeko marrazki bat aurkeztea erabaki nuen, horrelako marrazki baten atzean dagoen lana biluzteko asmoz".

Hainbat teknika erabili zituen Juaristik ilustrazioa egiteko: "Erabat bukaturik dauden zatiak, koloreztatutakoak, nolabait, gouache teknika erabiliz daude eginda. Era berean, grafitoa erabili dut arrainaren gorputza marrazteko eta irudia egiteko lehenik garatu behar den bozetoa azaltzeko. Irudi nagusiaren azpiko arrain multzoa, aldiz, perfil-irudia gauzatzeko eginiko bozetoz osatuta dago. Ondoren, edizio digitalaz baliatu naiz konposizioa osatu eta altzealdea koloreztatzeko. Hots, teknika mixtoa erabili dut bukaerako irudia sortzeko".

Plentziako Itsas Estazioak eta EHUko Ilustrazio Zientifikoa graduondoak antolatu dute lehiaketa, eta Itsaspeko fauna eta flora izan da lehiaketaren gaia. Juaristik EHUko Ingeniaritza Industrialeko ikasketak egin zituen Donostian eta Bilbon, eta hamar urtez jardun du eremu horretan lanean. Joan zen udaberrian Ilustrazio Zientifiko masterra egin zuen, eta han ikasitakoaren ondotik aurkeztu zen lehiaketara. 

Saritua izan den Patxi Juaristiren ilustrazioa. (EHU)