Patxi Juaristi: "Orain arte, marraztea bigarren mailako gauza bat zen nire bizitzan"

Ihintza Elustondo 2023ko ots. 8a, 09:00
Patxi Juaristi iluntratzaile zientifikoa. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

Ilustrazio Zientifikoaren Lehiaketa irabazi du azpeitiarrak, bisigu baten marrazkiarekin. "Sorpresaz" hartu du saria. Ingeniaria lanbidez, marrazketaren mundua esploratzen ari da, "gozatzen".

Plentziako Itsas Estazioak eta EHUko Ilustrazio Zientifikoa graduondokoak antolatutako Ilustrazio Zientifikoaren Lehiaketa irabazi du Patxi Juaristik (Azpeitia, 1985). Itsaspeko fauna eta flora izan da lehiaketaren gaia, eta Juaristik egindako bisiguaren marrazkia iruditu zaio epaimahaiari onena. Ingeniaria da lanbidez, hamar urte eman ditu eremu horretan, eta urtebeteko baimena hartuta, Ilustrazio Zientifikoa graduondokoa ikasten ari da, EHUn, Leioan (Bizkaia). "Neure buruari opari bat egitea izan da lanean baimena hartu eta gustuko zerbait ikastea". 

Zer da ilustrazio zientifikoa?

Ezagutza zientifikoa transmititzen laguntzen duen irudia. Ilustrazio zientifikoa izan daiteke erabat ikasketa zientifikora bideratutakoa edo dibulgaziora bideratutakoa. Dibulgaziorako baldin bada, ez dauka hain zehatza izan beharrik marrazkiak, baina publikazio zientifiko edo ikasliburu baterako baldin bada, zeharo zehatza izan behar du: hamar arantza baldin badauzka animaliak, hamar arantza izan behar ditu marrazkian ere. Zientifikoa izateak badauka ezaugarri batzuk oso zehatz bete beharra. 

Espero al zenuen lehiaketa irabaztea?

Ez aurkeztekotan egon nintzen, baina azken momentuan, saiakera egitea erabaki nuen. Ikasten ari naizen graduondokoa da lehiaketaren antolatzaileetako bat. Ikasketa horiek egiten ari diren nire ikaskide gehienak aurrez Arte Ederrak edo Diseinu Grafikoa ikasitakoak dira, eta uste nuen horiek aukera gehiago izango zituztela lehiaketa irabazteko. Dena den, behin aurkeztuta, beti pentsatzen duzu irabazteko aukeraren bat egon daitekeela, baina dezenteko sorpresa hartu nuen. 

Nolatan animatu zinen parte hartzera?

Irailean hasi nintzen Ilustrazio Zientifikoa ikasten. Aurrez Ingeniaritza ikasi nuen, baina betidanik izan dut marrazketa lantzeko harra. Neure kaosean egiten nituen gauzak pixka bat egituratzeko aukera ematen zidaten ikasketek, eta horregatik eman nuen pausoa. Eta ikasketen barruan, irakasgai batean, arrain bat marrazteko lana jarri zidaten. Gero, nahi zuenak bazeukan irakasgai horretan landutakoa lehiaketarako baliatzeko aukera. Nik aprobetxatu egin nuen harako egindako marrazkia, moldaketa batzuk eginda. 

Zergatik aukeratu zenuen bisigua?

Ez nuen nik aukeratu. Irakasgai horretan, Kantauri itsasoko arrain bat marraztu behar genuen. Bati legatza tokatu zitzaion, besteari ez dakit zer... eta niri, bisigua. Marrazkia egitean, konturatu nintzen burua nahiko ondo atera zitzaidala, eta pentsatu nuen gorputza grafitoarekin egitea, bukatu gabe bezala uztea. Dinamismoa daukan zerbait egitea nahi izan nuen; oso bizirik zegoen arrain bat irudikatzen saiatu naiz. Aurkeztutako beste lanekin alderatuta, pixka bat ezberdina zen nirea, eta hori nire alderako izan da. 

Zertan ezberdintzen da zure ilustrazioa?

Esan daiteke konposizio klasikoago bat-edo baliatu zutela besteek. Eredu horretatik pixka bat aldentzen zen nire lana. 

Bukatu gabeko lan bat dela diozu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Arrainaren burua bai, baina gorputza ez dago xehetasun denekin eginda. Xehetasunez betetako emaitza horretara iristeko, bozetoak egin beharra dago, eta sekulako lana ematen du horrek. Orduan, zera egin dut: gorputzaren bozetoa egin, eta bozeto hori gorputz gisa erabili. Horrez gain, bukaerako profileko arrain horretara iristeko egin nituen bozeto denak marrazkian sartuta daude. Beraz, burua bukatuta dago, baina gorputza ez; konbinazio hori bilatu dut. Pentsatu nuen polita geldi zitekeela.
 
Zer baldintza bete behar zituen ilustrazioak lehiaketara aurkeztu ahal izateko?

Baldintza zen Bizkaiko golkoko faunan eta floran adierazgarria izan daitekeen zerbait egitea, antolatzaileek urtean zehar kartel gisa erabiltzeko. Gabonetan "urte berri on!" esanez bidaltzen duten zorion mezuan-eta nik marraztutako arraina erabili dute [barreak]. 

Arrandegira bueltaren bat edo beste ere egin omen duzu...

Irakasgairako bisiguaren marrazkia egin behar nuenean, Interneten-eta aritu nintzen begira. Baina irakasleek beti azaltzen digute ezin dugula arrain bat hartu eta hori irudikatu, baizik eta ondo begiratu behar dela espezie horrek zer ezaugarri dituen, espeziearen irudi adierazgarri bat egiteko. Muturraren detaileak egiteko ez neukan erreferentziarik; ez nekien hortzak-eta nola marraztu. Normalean, Kontxi arrandegira joaten naiz, eta egun batean, joan nintzen, arrain pixka bat erosi nuen, eta denda hustu zenean, zera esan nion saltzaileari: "Bisigu honi argazki batzuk atera al diezazkioket?". Jarri zidan bisigua argazkiak ateratzeko moduan, eta atera nizkion behar nituen argazkiak. Oso graziosoa izaten ari da kontu hau guztia; izan ere, ari da zeresana ematen Kontxiko bisigua. Marrazkia bukatu nuenean, erakustera joan nintzen arrandegira; nota jakinarazi zidatenean ere joan nintzen; eta orain, gainera, lehiaketa irabazi... Arrandegira joaten naizen bakoitzean barre ederrak egiten ditugu bisiguaren kontura. 

Aurrez bazenuela marrazteko ohitura esan duzu. 

Bai, betidanik marraztu izan dut, baina inoiz ez nintzen lehiaketa batera aurkeztu. Txikitan joaten nintzen marraztera, eta gerora ere, neure erara jarraitu dut. Egia da eskuz ez nuela asko marrazten aspaldian, baina graduondokoaren berri izan nuenean, saltseatzeko aukera izan nezakeela ikusi nuen. 

Zerk bultzatu zintuen ikasketa horiek egitera?

Lehengo udaberrian graduondoko hori ikasten ari den emakume bat ezagutu nuen, eta haren bidez jakin nuen Ilustrazio Zientifikoko ikasketak existitzen zirela. Pixka bat informatzen hasi nintzen, eta kuriosoa egin zitzaidan. Justu matrikula irekita zegoela ikusi nuen, eta beroaldi horretan, apuntatu egin nintzen. Nire marrazki batzuk bidaltzeko eskatu zidaten, eta bidali egin nizkien. Handik laster, graduondokoan onartzen nindutela esan zidaten, eta astebetez sekulako zorabioa izan nuen. Izan ere, aurrez aurreko ikasketak dira, Bilbon ematen dituzte irakasgaiak, eta ni lanean ari nintzen enpresa batean. Urtebeteko baimena hartu behar izan nuen ikasketak gauzatu ahal izateko.

Dezenteko aldaketa izan da zuretzat, beraz. 

Bai, bai. Bat-batean unibertsitatera bueltaka nabil berriro, 18 urterekin bezala. Irailean hasi nintzen graduondoarekin, eta urte honen amaieran bukatzea aurreikusten dut. 

Zer-nolako deskubrimendua egin duzu? Ilustrazio zientifikoaren bidea gehiago jorratzeko gogoa piztu al zaizu?

Bai. Berez, sari bat baino ez da lortu dudana, baina ematen dizu betekada. Aitortza jasotzea beti da ederra. Orain arte, marraztea bigarren mailako gauza bat zen nire bizitzan. Marraztea gustatzen zaigun denok egiten dugun bezala, eskolan koadernoaren aurretik atzera apunteak hartzen nituen, eta atzetik aurrera marrazkiak egiten nituen; gero, bi aldeak elkartu egiten ziren. Eta, orain, alderantziz egin dut: marrazteari eman diot lehentasuna. Gozatzen ari naiz. Hasieran pentsatzen nuen urtebeteko kontua izango zela ilustrazio zientifikoarena, baina badaukat honekin jarraitzeko gogoa. Ea zer irteten den; denborak esango du.