Azpeitiko anbulatorioko murrizketen kontra elkarretaratzea egingo dute bihar

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 17a, 08:50
Biharko protestarako dei egin zuten eragileetako kideen agerraldia, Sanagustinen. (Elkar-ekin)

12:30ean anbulatorio aurrean jarri dute hitzordua eta hara azaltzeko deia egin diete herritarrek. Baigerak, ELAk, LABek, Pentsiodunen Plataformak, Ernaik eta Elkar-ekinek egin dute bat mobilizazioarekin.

Osasungintza publikoa eta duina denontzat lelopean, elkarretaratzera deitu dute biharko. Baigerak, ELAk, LABek, Pentsiodunen Plataformak, Ernaik eta Elkar-ekinek egin dute bat mobilizazioarekin, eta parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 12:30ean jarri dute hitzordua anbulatorio aurrean.

Protestara deitu duten eragileen esanetan, Osakidetzan egiten ari diren murrizketek eragin zuzena dute herritarren bizitzetan, eta azpeitiarren zoritxarrerako, Azpeitiko anbulatorioa ez da salbuespena, honakoa baita egoera: "Azpeitiari dagozkion hamar familia medikuetatik, une honetan, bederatzi daude beteta, baina horietatik bi baja luze batean daude, ordezkatu gabe. Daudenetako batek baja hartzen badu ez da ordezkorik etortzen, eta, batzuetan, larrialdietako medikuak bidaltzen dituzte ospitaletik. Bi kardiologoak ere baja luze batean daude, ordezkorik gabe. Bi psikiatra etortzen dira astean bi egunetan, baina ez dira nahikoak dauden beharrak asetzeko. Ez dago psikologorik. Haurren osasun mentaleko zerbitzua kendu dute eta pediatrian hutsuneak daude. Erizain kopurua berez egokia izan arren, mediku faltak horien lan karga asko areagotzen du".

Azpeitiko anbulatorioko egoera adibide bat besterik ez dela uste dute protestara deitu duten eragileek, eta osasungintza publikoan gertatzen ari dena joera orokorrago baten logikan ulertu behar dela; halaxe azaldu zuten biharko mobilizazioa iragartzeko duela egun batzuk egindako agerraldian. Horiek horrela, elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete herritarrei, "sentitzen dugun haserrea kalean erakusteko garaia badelako". Osasungintza publikoa eta duina aldarrikatuko dituzte, pertsona guztientzat eta baldintzarik gabe, eta honako eskaerak berehala bete ditzatela eskatuko diete erakunde arduradunei:

  • Herriko anbulatorioan behar diren profesional guztiak ziurtatzea, bajak ordezkatzea eta murriztu dituzten zerbitzu guztiak berriz ezartzea.
  • Osakidetzan lanean ari diren langile guztien lan baldintza duinak bermatzea.
  • Osakidetzan ematen ari diren murrizketekin amaitzea.
  • Osasun arreta duin bat jasotzeko herritar guzti-guztiok dugun eskubidea bermatzea, inor bazterrean utzi gabe.