Eskualdeko hiru talde, maiatzean Azpeitian egingo den Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketan

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 15a, 10:29
Elektrotxuflakoak, iazko irabazleak, 2022ko lehiaketan egin zuten emanaldian.

Azpeitiko Skapaie, Zumaiako Hamarru eta Getariako Elektrotxorongo dira. Maiatzeko lau larunbatak hartuko ditu lehiaketak. Iaz baino egun bat eta talde bat gehiago izango dira aurten. Lehen edizioa irabazi zuen Elektrotxufla ere parte hartzaileen zerrendan dago. 6.000 euro jasoko ditu irabazleak aurten ere.

Izena emateko epea itxita, jakinarazi dituzte Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta Azpeitiko Udalak antolatutako Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketan parte hartuko duten taldeen izenak eta egun bakoitzeko egitaraua.

Izen-ematea ireki zutenean aurreratu bezala, maiatzeko lau larunbatak hartuko ditu aurten elektrotxarangen lehiak, baina azkenean zazpi izango dira, eta ez zortzi, parte hartuko duten taldeak; denera, beraz, 2022koan baino egun bat zein talde bat gehiago izango ditu lehiaketak. Parte hartzaileei dagokienez, lehen edizioa irabazi zuen Elektrotxufla ariko da aurten ere lehian. OstiKda elektrotxarangak ere bigarrenez hartuko du parte AZTEk eta udalak antolatutako lehiaketan, baina beste bost taldeak aurtengoarekin estreinatuko dira, eta horien artean daude eskualdeko hiru: Azpeitiko Skapaie, Zumaiako Hamarru eta Getariako Elektrotxorongo.

Lehiaketaren formatuari dagokionez, lehen ediziokoa errepikatuko dute antolatzaileek. Horrela, egun bakoitzean bi elektrotxarangak eskainiko dute emanaldia Alde Zaharreko kaleetan: batek herriko plazatik Perez Arregi plazarainoko ibilbidea beteko du, 19:00etan hasita; eta besteak alderantzizko bidea egingo du, Perez Arregitik plazaraino, 20:30ean hasita. Formatu hori, ordea, ez da beteko lehiaketaren lehen jardunaldian; maiatzaren 6an hasiko da Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketa, Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren egun berean, eta talde bakarra ibiliko da kalez kale egun horretan, Zumaiako hamarru, hain zuzen ere.

Hona hemen, Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketaren egutegia:

Maiatzaren 6a, larunbata:

  • Hamarru elektrotxaranga.

Maiatzaren 13a, larunbata:

  • Elektrotxorongo eta Elektrotxufla.

Maiatzaren 20a, larunbata:

  • Elektrokela eta Skapaie.

Maiatzaren 27a, larunbata:

  • Distopia eta OstiKda.