Aurreneko kimu nesken txapelketa antolatu du Domusa Teknik Azpeitia Cupek

Nerea Uranga 2023ko mar. 15a, 16:12
Joseba Otaegi, Mikel Rodriguez, Nagore Alkorta eta Iker Goiria, gaur Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketaren aurkezpenean. (Argazkia: Nerea Uranga)

Hiru futbol txapelketa izango ditu aurtengo Domusa Teknik Azpeitia Cupek. Apirilean eta ekainean jokatuko dituzte infantil nesken eta kimu mutilen nahiz nesken lehiak Garmendipeko futbol zelaietan.

Berrikuntzekin dator aurtengo Domusa Teknik Azpeitia Cup: hiru futbol txapelketak osatuko dute. Zailtasunak zailtasun festa giroa eta futbola uztartzen dituen lehiaketan apustu berria egin dute, eta aurten, lehenengo aldiz kimu nesken futbol taldeak bilduko dituen txapelketa antolatu dute, hala adierazi du Azpeitia Cupeko Mikel Rodriguezek. Gaur aurkeztu dituzte futbol lehiak Sanagustin kulturgunean, eta Rodriguezez gainera, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak eta Joseba Otaegi Domusa Teknikeko lehendakariak parte hartu dute.

Apirileko eta ekaineko hiru asteburutan jokatuko dituzte hiru txapelketak. Gaztetxoen futbol talde ugari elkartuko dira asteburu horietan, eta haiekin batera futbolarien familiartekoak eta lagunak etorriko dira Azpeitira. "Hala izan da aurreko jardunaldietan, eta aurten ere hala izan dadin nahi dugu; dagoeneko, herriko ostatuetan ez dago tokirik asteburu horietarako, denak beteta daude", esan du Rodriguezek.

Gaztetxoen artean futbola sustatzearekin batera, Azpeitia eta inguruak ezagutaraztea du helburu Domusa Teknik Azpeitia Cupek. "Badakigu Azpeitira txapelketara etorritako asko, berriro itzuli dela inguruotara oporretan eta. Txapelketaren bueltan elkartzen direnek gozatzea da gure helburuetako bat", azpimarratu du Rodriguezek. Azpeitia Cupeko ordezkariak esandakoa aintzat hartuta hitz egin du Goiriak: "Aldundiaren lana turismoa lurralde osora zabaltzea eta txoko desberdinak ezagutaraztea da. Txapelketa hauek horretan lan ona egiten dute, eta horregatik laguntzen ditugu; izan ere, kasu honetan, lurraldearen barrualdeari balioa ematen zaio".

Futbol txapelketak aurrera ateratzeko laguntza ematen dienak ere eskertu ditu Azpeitia Cupeko ordezkariak. "Txapelketa posible egiten duten denei eskerrak eman beharrean gaude. Aurtengoa, gainera, ekonomikoki urte gogorra da guretzat ere, ostatuen eta garraioaren prezioak asko igo direlako; esaterako, garraioaren gastua bikoiztu egin zaigu".

Azpeitiko alkatea pozik agertu da nesken bi txapelketa jokatuko direlako Domusa Teknik Azpeitia Cupen. "Ni neu Azpeitiko lehen nesken futbol taldeko kidea izan nintzen, eta pozgarria da nesken bi txapelketa antolatu izana aurten. Gainera, txapelketa kirol ospakizuna izateaz gain, ekitaldi soziala ere bada", esan du Alkortak eta antolatzaileak eskertu ditu.

Hiru txapelketak

Aste Santuko asteburuan jokatuko da hiru txapelketatik aurrenekoa: infantil mailako neskena. Apirilaren 7tik 9ra artean izango den txapelketan hamasei taldek parte hartuko dute. Antolatzaileek adierazi dute "asko kostatu" zaiela antolatzea; datak, tarteko: "Agian, Aste Santuan izanda, ez da txapelketa jokatzeko garairik onena, futbol klubei taldeak osatzea ere osatzea kostatu egin zaielako. Datorren urterako horren inguruko hausnarketa egin beharrean gaude". Dena den, maila oneko txapelketa osatu dute, Rodriguezen arabera: "Espainiako Estatutik talde asko etorriko dira, eta Lagun Onakez gain, Euskal Herriko hainbat talde ere izango da".

Beste bi futbol txapelketak ekainean jokatuko dituzte. Ekainaren 9tik 11ra artean jokatuko dute kimu mutilen txapelketa, Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketaren "erreferente" dena, antolatzaileen esanetan: "Urte gehien antolatzen ari garen txapelketa da, eta gaur egun oihartzun handiena duena ere bada". 37 taldek parte hartuko dute. "Talde gehiagok ere parte hartu nahi izan dute, baina ezezkoa eman behar izan diegu. Ditugun futbol zelaiak eta hiru egunetan jokatzen den txapelketa dela kontuan hartuta, gehiagorentzako tokirik ez dago", esan du Rodriguezek. Espainiako Futbol Ligako harrobiko hamabost talde ariko direla nabarmendu du Rodriguezek.

"Ilusio handia" egiten dien txapelketa berria ere antolatu dute aurtengorako, hala adierazi du Rodriguezek: kimuen mailako neskena. "Nesken txapelketa antolatzeko gogoa aspalditik genuen, eta infantilena antolatzen hasi ginen. Kimuen mailakoa antolatzeko, ordea, talde gutxiago zeuden maila horretan. Azken urteetan, baina, emakumeen futbolak indar handia hartu du, eta kimuen txapelketa antolatzeko erronkari heltzea erabaki dugu". Kimuen txapelketa berria ekainaren 16tik 18ra bitartean jokatuko dute, eta dagoeneko hogei taldek eman dute izena parte hartzeko. Apirilaren bukaera arte dute taldeek txapelketan izena emateko aukera, eta antolatzaileen helburua 30 taldeko parte hartzea izatea da.

Hiru txapelketak formatu bera izango dute: ostiral arratsaldeetan hasi eta igande eguerdietan bukatuko dira. Zapatu eguerdietan, berriz, txapelketek geldialdia izango dute, eta taldeetako kideak soziedadeetara eta jatetxeetara joango dira bazkaltzera. "Beste urteetan bezala, Domusa Teknik Gipuzkoa Cup txapelketan parte hartzen dutenek eta haiekin Azpeitira etorriko direnek festa giro onean kirolaz eta herriaz gozatzea izango da gure helburua", adierazi du antolatzaile taldeko kideak.