Musika, tresnatzat

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 16a, 11:30

Betto Snay Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den rapero angolarra Azpeitian izango da bihar, Gaztelekuan aurrena, eta Sanagustinen gero. 19:30ean hasita, kontzertua emango du, doan.  

Betto Snay duela 23 urte iritsi zen Euskal Herrira, Angolako gerra zibiletik eta derrigorrezko zerbitzu militarretik ihesi. Ama eta anai-arrebak Barakaldon (Bizkaia) bizi zituen ordurako, eta gogoan du amak direnak eta ez direnak egin zituela bera ere etor zedin, "ez baitago amarik bere semea gerran ikusi nahi duenik". Snayk 17 urte zituen orduan, eta aitortu du Euskal Herrira ailegatu zenean "sekulako kolpea" hartu zuela. "Espainia markapean atzerrian saltzen dutenak eta Barakaldon eta Bilbon topatu nuenak ez zeukaten zerikusirik. Eivissako parajeak, eguzkia eta hondartzak espero nituen, ez lainopean eta euripean bizi zen hiri gris eta industrial bat eta erabat kutsatutako itsasadar bat. Azaroan iritsi nintzen, sekulako hotza egiten zuen, eta ama alokairuko etxe batean bizi zen, hiru seme-alabarekin, nahiko baldintza eskasetan. Hasiera gogorra egin zitzaidan; oso gaizki pasatu nuen". 

Hutsetik hasi behar izan zuela dio, zentzu guztietan. "Ikasten hasi nintzen, lanean ere bai, eta denetarik egin behar izan nuen aurrera ateratzeko: kalean propaganda banatu, kartoiak jaso birziklatzeko... Eta egoera desatsegin asko bizitzea egokitu zitzaidan: arrazakeria eta bazterkeria jasan nituen, begirada txarrak, besteengandik desberdina nintzela sentiarazten zidaten, gutxietsita sentitzen nintzen. Ez nuen ulertzen, Angolan ere bizi baita jende zuria, eta ez baitut uste horrela sentitzen direnik". Ordutik urte asko pasatu diren arren, ez zaio iruditzen egoerak hobera egin duenik; kontrara, "geroz eta okerrago" ikusten ditu gauzak. "Immigrazioa kritikatzea eta etorkinez gaizki esaka aritzea modan daude Europan, baita hemen ere. Begira eskuineko alderdiek zer-nolako diskurtsoak darabiltzaten, eta, hala ere, geroz eta babes handiagoa dute bazter guztietan. Etorkinen inguruan gezur asko esaten dute, eta herritarrek dena itsu-itsuan sinesten dute, ezer kontrastatu gabe". 

Hamaika proiektu

Baina egoerarik zailenetara ere egokitzen ikasten du batek, eta halaxe egin zuen berak ere. "Harremanak egiten zoazen heinean, zeure sarea osatzen zoaz, eroso sentitzen zaren habitata sortzen". Eta hori Bilboko San Frantzisko auzoa du Snayk. "Uharte bat da San Frantzisko, beste mundu bat. Langabezia oso altua da, auzo oso estigmatizatua da, biolentoa, itsusia eta inork ez du hara joan nahi; baina niri beti iruditu izan zait aukera asko dauden leku bat. Nahasten dira kulturak, hizkuntzak, pentsamoldeak; nahasten dira mota askotako bizipenak eta ekarpenak... Leku oso aberatsa da, nahiz eta aberastasun hori gutxietsita egon, eta baita talentu handiko jende asko bizi den lekua ere".
 
Musikari heldu zion Snayk, eta musika darabil tresna gisa. "Salatzeko baino gehiago, adierazteko erabiltzen dut musika, bidegabekeriak kontatzeko, ahotsik ez dutenei ahotsa emateko, ikusgarritasuna emateko". Etxegabeei, esate baterako. "Zorionez, nik badut lo egiteko ohe bat, baina jende askok ez dauka aukera hori. Kartoizko ohea izeneko abesti bat egin nuen etxetik kanporatutako emakumeez hitz egiten zuena, kalean bizi den jendeaz... Eta jende askok bere egin zuen kantua, kontatzen nuenarekin identifikatuta sentitzen zelako". Horrela abiarazi zuen Kartoizko Ohea proiektua. "Kamisetak atera eta saltzen hasi nintzen, eta ateratzen nuen dirua etxegabeei laguntzeko proiektuetara bideratzen". Baina hori ez da sustatzen eta parte hartzen duen egitasmo bakarra. Adibidez, Afrook arropa marka ere sortu du, eta San Frantziskon duen bulego txikian jertseak, kamisetak eta bestelako hainbat material saltzen du, auzokideen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin. Ematen dituen kontzertuetan ateratzen dituen irabazien parte bat ere laguntzera bideratzen du; "irabazien %20 etxegabeei laguntzeko proiektuetara bideratzen ditut".

Horrez gain, talentudun artistak ikusarazteko ere baliatzen ditu bere emanaldiak; ez baita soilik aukera kontua, hauspoa ere behar izaten dute. "Ezer ez didate oparitu eta lortu dudan guztia egindako lanaren emaitza da, baina egia da musikaren munduan leku bat egitea lortu dudala eta kontzertu dezente emateko aukera sortzen zaidala. Beste musikari askok, ordea, nahiz eta sekulako talentua izan, ezin izan dute agertoki batean kantatu inoiz, ez dute aukera hori izan, eta hori ezinbestekoa da ilusioari eusteko, lanean jarraitzeko eta gaitasunak garatu ahal izateko. Horregatik, horietako zenbait nire emanaldietara gonbidatzen ditut eta oholtza batera lehen aldiz igotzeko aukera ematen diet. Ahalegintzen naiz artista gazteek ikus dezaten egon daitezkeela kalitatezko agertoki batean. Eremu seguruak sortu behar dira artista ez hain entzutetsuak ere gustura senti daitezen, eta artistak ez ezik, publikoa ere sarri gelditu izan da harrituta, ustekabean talentu izugarria duten artistak ikusteko eta entzuteko aukera suertatzen zaielako". 

Bihar, zuzen-zuzenean

Urrutira joan gabe, bihar Azpeitiko Sanagustin kulturgunean Betto Snay raperoa zuzenean ikusteko aukera izango dute herritarrek, 19:30etik aurrera eta doan. Elkar-ekinek gonbidatu du bilbotartutako angolarra, eta ohikoa duen moduan, biharkoan ere ez da bakarrik igoko oholtzara. «Benjamin izena duen eta reggae musika egiten duen gazte bat joango da nirekin, eta ikustera doana harrituta geldituko da, kalitate handiko artista baita. Estilo askotako abestiez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: hip-hop, afro-club, afro-hip, afro-rap, reggae... Ziur naiz jendeak asko gozatuko duela; beraz, animatzeko esango nieke denei". Sanagustineko emanaldiaren aurretik, berriz, Gaztelekuan izango da Snay, herriko gazteekin hitz egiten. Arteaz, musikaz, bere bizipenez eta martxan dituen proiektuez jardungo du haiekin.