Sorotan Bele gogoan eta oholtzan

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 16a, 19:00

Kontzertu berezia hartuko du igandean Soreasu antzokiak. Azpeitiko Udal Musika Bandak eta Sorotan Bele taldeko Gorka Sarriegik eta Urbil Artolak Sorotan Bele gogoan kontzertua eskainiko dute, 18:00etan hasita, Soreasu antzokian. Emanaldi berezia izango da, musika taldeko eta bandako kideez gain oholtzara igoko baitira Juan Antxieta musika eskolako haurrak eta koro gazteko kideak. Otsailarekin batera ekin zioten ikuskizuna prestatzeari, eta dagoeneko hitzordurako prest daude. 

Sorotan Bele Gogoan musika ikuskizunak gorazarre egiten dio 1990eko hamarkadan Euskal Herriak izan zuen folk-pop talderik gogoangarrienetakoari. Musika taldeak hiru disko entzutetsu argitaratu zituen, eta haien kantu asko ezagunak egin ziren gerora. Abesti ezagun horietako asko entzuteko aukera izango da igandean Soreasun. Horrela aurreratu du Gorka Sarriegi musikariak: "Ezagunak diren abestiak entzuteko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek, modu berezi batean, gainera; izan ere, abestiek eta ikuskizunak  indar gehiago hartzen du musika bandarekin, askoz jende gehiago baitago ezenatoki gainean. Beste soinu mota bat da, baina, era berean, betiko abestiak dira". Kantuen konponketak "desberdinak" direla gaineratu du Urbil Artolak: "Uste dut ikuskizunaren bereizgarria dela, abestien konponketak desberdinak direla. Musika bandei begira egindako emanaldia da, musikari dezente gehiago daude oholtzan, eta ohikoak ez diren tinbreak entzun daitezke". 

Duela bi urte inguru estreinatu zuten Sorotan Bele gogoan emanaldia, eta orduz geroztik "harrera oso polita" izan duela kontatu dute bi musikariek. "Bi urte inguru igaro dira Larrabetzun aurreneko emanaldia eskaini genuenetik. Hura oso berezia izan zen, ikuslegoaren erreakzioa ikustea oso polita izan baitzen. Gainerako herrietan ere errepikatu da erreakzio hori, eta pozik gaude. Berezia izaten ari da", dio Artolak. Antzerakoa sentitzen du Sarriegik: "Niretzako hunkigarria da ikustea jendea gogoz gerturatzen dela emanaldira,, nahi duelako gerturatzen dela antzokira. Abestiak ezagutu eta maite dituen jende asko etortzen denez, giro berezia sortzen da".

Udal Musika Bandako zuzendari Unai Frantsesenak atzeko lanari egin dio aipamena. Hark hainbat moldaketa egin ditu emanaldirako, eta muntaketa lanetan ere lagundu du. Hala ere, "prozesua bera oso polita" izan dela aitortu du, eta iganderako gogoz agertu da. Herritarrei bertaratzeko deia egin die Frantsesenak: "Garai zaharrak edo ez hain zaharrak gogorarazteko aukera bikaina izango da". 

Musikariak, gogoz

Azpeitiko Udal Musika bandako kideak dira Maialen Eizagirre eta Julen Carrizo azpeitiarrak, eta igandeko emanaldirako gogotsu daude. "Beti izaten dugu gogoa ekitaldi berezietarako. Tartean behin egiten ditugu horrelakoak, eta harrera ona izaten dutenez, ederra izaten da", adierazi du Eizagirrek.  

Igandean eskainiko duten emanaldiaren atzean "lan handia" dagoela aitortu dute bandako bi kideek. Eizagirrek azaldu duenez, otsailean hasi ziren lehen entseguekin: "Karnabalen aurretik hasi ginen ikuskizuna prestatzen. Festak gerturatzen ari zirela Karnabalak prestatzeko tartea hartu genuen, baina jaiak igaro bezain pronto berriro heldu genion lanari". "Astero-astero bizpahiru ordu eman ditugu entseguetan; ea egindako lanak fruituak ematen dituen", gaineratu du Carrizok.

Zailena eta politena zer izan den galdetuta, iritzi antzekoak dituzte. Honakoa kontatu du Eizagirrek: "Kontzertuko partitura guztiak berriak zirenez, horiek ondo ikasteko lan handia egin behar izan dugu guztiok. Politena da Sorotan Bele bezalako izen handiko talde batekin eszenatokia ekarbanatzeko aukera izatea; izan ere, abestiak oso ezagunak dira, eta horietako batzuk bereziak dira norberarentzat ere. Niretzako, bai, behintzat". Carrizoren aburuz, musika banda guztia koordinatzea izan da zailena: "Hainbeste lagun horrelako proiektu batean inplikatzeak bere lana eskatzen du". 

Musika eskolako haurrek eta koro gazteko kideek ere parte hartuko dute emanaldian. Horiez gain, gitarra elektrikoak eta baxuak ere izango dute lekua, eta horiek abestiei "beste bizi bat" ematen dietela uste du Eizagirrek. Carrizok, bere aldetik, herritarrei kontzertura bertaratzeko deia egin die: "Horrelako kontzertuak ez dira sarri egiten herrian, eta aukera polita da Sorotan Bele aspaldiko partez berriro zuzenean entzuteko. Ikuskizun polita izango da, ziur".