Zabalik da Pazko Asterako udalak antolatu dituen ekintzetan izena emateko epea

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 17a, 09:00
Iaz, Pazko Asteko ekintzen barruan, 5 eta 7 urte arteko umeek Donostiako Zientziaren Museora egin zuten irteera. (Gazteria Saila)

Apirilaren 11tik 14ra bitartean izango dira ekintzak, eta HH5etik LH6ra artekoek parte hartu ahal izango dute. Dagoeneko zabaldu dute izen ematea, eta martxoaren 24ra arte egongo da horretarako aukera. Ahal dutenak online eman beharko dute izena, baina horretarako zailtasunak dituztenek Gazte Informazio Bulegora jo dezakete.

Aste Santuko oporraldia iristear da, eta aurten ere haurrentzako eta gaztetxoentzako jarduerak antolatu ditu Azpeitiko Udalak. Zehazki, Pazko Astean izango dira jarduera horiek, apirilaren 11tik 14ra bitartean, eta HH5etik LH6ra artekoek parte hartu ahal izango dute. Ekintzarik gehienak goizez izango dira, baina egun guztiko irteera bat ere egingo dute tartean. Dagoeneko zabaldu dute izen ematea, eta martxoaren 24ra arte egongo da horretarako aukera, hamabost euro ordainduta.

Ahal dutenak online eman beharko dute izena, baina horretarako zailtasunak dituztenek Gazte Informazio Bulegoan ere izango dute aukera. Sindikatu Zaharreko lehen solairuan dago Gazte Informazio Bulegoa; 943-15 71 60 da hango telefono zenbakia eta gib@azpeitia.eus da hango helbide elektronikoa

Gaztelekuari dagokionez, berriz, datozen egunetan jakinaraziko dute zerbitzuak nola funtzionatuko duen gaztetxoak oporretan dauden bitartean.