Autismoa bistaratzeko, Urdinduz Eguna antolatu dute apirilaren 2rako

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 17a, 16:30
Atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean aurkeztu zuten Urdinduz egitasmoa. (Utzitakoa)

Egun handia, Urdinduz Eguna, apirilaren 2a izango da, baina ordura bitarte hamaika sentsibilizazio ekintza antolatu dituzte Marea Urdinak eta Gautenak, beste hainbat eragilerekin elkarlanean. Horietan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, eta baita etxeko leihoak eta balkoiak urdintzekoa ere.

Autismoa bistaratzeko helburuarekin, Gautenako hainbat familiak Urdinduz egitasmoa jarri zuten martxan duela zenbait urte, eta aurten, Azpeitia izango da egitasmo horren erdigunea. Marea Urdina elkartearekin elkarlanean, apirilaren 2rako, Autismoaren Nazioarteko Egunerako, Urdinduz Eguna antolatu dute. Egun horretan, Loiolatik herriko plazara ibilaldia egingo dute aurrena, eta plazan festa egingo dute gero. Baina ez dute egitasmoa egun bakarrera mugatu nahi izan, eta gizartea sentsibilizatze aldera, hainbat ekintza prestatu dituzte aurreko egunetarako ere. Horien guztien berri emateko ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean.

Jakinmina sortu zuen aurkezpenak, eta dozeneka herritar bertaratu ziren ordubetetik gora iraun zuen ekitaldira. Nekane Zalbide Marea Urdina elkarteko kidea izan zen ekitaldia gidatu zuena, eta alboan izan zituen Urdinduz egitasmoaren barruan antolatu dituzten jardueretan protagonista izango direnetako asko.

Hasteko, Urdinduz Eguna Azpeitian egiteko erabakiaren arrazoia azaldu zuen Zalbidek. "Duela bi urte Gautena elkarteak autismoa duten pertsonentzako eguneko zentroa eta etxebizitzak zabaldu zituen Loiolako Inazio Hiribidean, eta azpiegitura horiek erabiltzen dituzten herritarrei eta hango langileei omenaldia egiteko modu ezinhobea da Urdinduz Azpeitian egitea". Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza jarraian, eta esan zuen "herri bezala oso pauso garrantzitsua" izan zela zerbitzu horiek zabaltzea. "Azpeitia herri anitza dela askotan esaten dugun arren, kostatu egiten zaigu aniztasun horren benetako tamainaz jabetzea, eta, besteak beste, horretarako balio izan digu Gautenaren azpiegiturak herrian izateak. Orain hobeto uler dezakegu zer den mundua betaurreko urdinak jantzita ikustea".

Alkatearen hitzartzearen ostean, Urdinduz egitasmoari babesa eman dioten hainbat pertsonaia ezagunen mezuak erakutsi zituzten Sanagustineko pantaila handian; besteak beste, Telmo Irureta aktorearena; Iñigo Etxezarreta ETS taldeko abeslariarena; Pirritx, Porrotx eta Marimototsena eta abar. Beste hainbat bideo ere bota zituzten ekitaldian: Super Urdin superheroia bailara urdintzen ageri zena; Urdinduz Eguna dela-eta Saturrarandik Loiolara igerian joandako herritar xelebre batena; Gautenako kideak dantza entseguak egiten ageri zirena eta abar. Eta une unkigarriak ere izan ziren; bati baino gehiagori begiak bete zitzaizkion Ander Alberdik bertsoa abestu zuenean.

Ondoren, datozen asteetarako prestatu duten egitaraua aletu zuten, jarduera bakoitzean protagonista izango direnak oholtzara gonbidatuta. Ekintza horietan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei, gogorarazita beraiek antolatu dituzten jarduera guztiak doakoak eta inklusiboak izango direla. Horretaz aparte, balkoiak eta leihoak eta herriko txokoak urdintzeko deia egin zieten herritarrei eta, horretarako, datozen egunetan Urdinduz banderatxoak eskuragarri jarriko dituzte herriko punturen batean; jakinaraziko dute non.

Datozen egunetarako prestatu duten egitaraua:

  • Urola kalean horma irudi handi bat margotzen ari da Iñigo Borda artista azpeitiarra. Apirilaren 2rako bukatzea aurreikusten du.
  • Martxoak 23, osteguna. Autismoari buruzko hitzaldia, 19:00etan, Basazabal jauregian. Aritz Orbegozo Marea Urdinako kidea, Patxi Agirre Gautenako presidentea eta Aintzane Diaz Gautenako hezitzailea izango dira hizlariak.
  • Martxoak 24, ostirala. ETSren kontzertua. 21:30ean, Sanagustinen. Ez dute Gautenak eta Marea Urdinak antolatu, baina kontzertuak ukitu urdina izango du.
  • Martxoak 25, larunbata. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko lasterketa herrikoiaren hasierako txupina Gautenako kideek botako dute.
  • Martxoak 28, asteartea. Dantza emanaldi inklusiboa. 17:30ean, Sanagustinen. Jeni Calero eta Uxoa Ibarreta dantza irakasleek gidatuko dute saioa.
  • Martxoak 29, asteazkena. Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurrena dela eta, Musika familian emanaldia egingo dute, eta Gautenako kideek ere parte hartuko dute. 19:00etan, Sanagustinen.
  • Martxoak 30, osteguna. Pintxo pote urdina. 19:00etan hasita, herriko tabernetan.
  • Martxoak 31, ostirala. Telmo Irureta eta Aitziber Garmendia aktoreek Sexberdinak obra taularatuko dute. 19:00etan, Azkoitiko Batzartxo aretoan.
  • Apirilak 1, larunbata.
    -I. Urdinduz Igeriketa Saria jokatuko dute. Aurrena, federatugabeek egingo dute igeri, eta gero, federatuek. 09:00etan hasita, Azpeitiko igerilekuan.
    -Eneko magoaren Tilin-tilin magia ikuskizuna. 17:00etan, Sanagustinen.
    -Bertso saioa. 22:00etan, Sanagustinen. Onintza Enbeita, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek Maite Aizpurua gai jartzailearen esanetara abestuko dute.
  • Apirilak 2, igandea. Urdinduz Eguna.
    -11:00etan, Marea Urdinako kideek 1.000 kamiseta urdin banatuko dituzte Loiolan.
    -11:30ean hasita, Loiolatik Azpeitiko plazara ibilaldi urdina egingo dute erraldoiek, trikitilariek eta ttuntturruek lagunduta.
    -Plazan, aurpegia margotzeko gunea, puzgarriak, jolasak eta abar egongo dira umeentzat, eta jan-edanik eta musikarik ez da faltako.
    -Azoka Plazan lasai egoteko gunea egokituko dute.