Jendetza atera da kalera mendietan zentral eolikorik ez dutela onartuko esatera

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 18a, 20:30

Sañu Bizirik eta Oletan ere ez taldeen deiari erantzunez, manifestazio jendetsua egin dute gaur arratsaldean Azpeitian. Ehunka herritarrek ozen esan dute mendietan ez dutela zentral eolikorik nahi, eta ez dutela horrelakorik onartuko.

Eguraldia ez da aitzakia izan mendietan zentral eolikoak eraikitzearen kontra dauden herritarrentzat. Ehunka lagunek erantzun diote Sañu Bizirik eta Oletan ere ez taldeek egindako deiari, eta Mendietan zentral eolikorik ez! lelopean, manifestazio jendetsua egin dute. Antolatzaileen arabera, 700dik gora lagunek parte hartu dute mobilizazioan.

19:00etan abiatu da manifestazioa herriko plazatik txalaparta, zintzarri eta adar soinuen artean, eta ibilbide guztian entzun dira mendiak babestearen aldeko eta mendietan haize errotak jartzearen kontrako oihuak. Behin plazara iritsita, Loretxoa abestuz ekin diote ekitaldiari, eta horren ostean Monika Bayonek eta Itsaso Agirrek hartu dute hitza, mobilizazioa deitu duten bi taldeek adostutako eta Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako beste hamahiru eragilek babestutako adierazpena irakurtzeko.

Egoera "benetan kezkagarria" dela azalduz hasi dute hitzatzea. "Krisi energetikoa, berriztagarriak, trantsizio energetikoa, energiaren demokratizazioa eta sozializazioa. Bolo-bolo dabiltzan hitzak dira gaur egun. Baina zertaz ari gara krisi energetikoaz ari garenean? Negozioez? Aseezina den hazkunde ekonomikoaz? Europak azeleragailua zapaldu du afera honetan, eta diru funts publikoak esku pribatuetan jarri ditu. Eusko Jaurlaritzak ateak zabaldu dizkie enpresa handi eta oligopolioei. Capital Energy eta Statkraft, gure kasuan. Aldi berean, EAJk zein EH Bilduk, Madrilen, Gobernu espainiarrarekin batera, ingurumen azterketak saihesteko, natura zapaltzeko eta mendiak suntsitzeko egon litezkeen traba guztiak ekiditeko legeen alde bozkatu dute; Euskal Herriaren aurka bozkatu dute. Egoera benetan da kezkagarria".

Inguruko mendietan zentral eolikoak jarri nahi dituzten enpresa multinazionalak "ardi larruz jantzitako otsoak" direla ohartarazi dute, eta beste zenbait tokitan egin dituzten eta egiten ari diren txikizioak direla horren erakusgarri. "Gaur ate joka ditugun multinazionalak, herrira ardi larruz mozorrotuta azaldu zaizkigu, energiaren jabetza ahotan hartuta. Baina, otsoaren hortzik zorrotzenak erakusten ari dira beste herrialde batzuetan. Ikusi besterik ez dago, Statkraft enpresak Sami Herriaren lurretan egin duen legez kanpoko txikizioa; Nazio Mapuchearen lurretan egin nahi duten Osornoko presa hidroelektrikoa edota Artikorako dituzten fracking zein petrolio ustiaketa proiektuak. Capital Energy berriz, disimulatzen saiatu ere egin gabe dabil, balio arkeologiko ukaezineko eremuan haize errotak jarri nahian".

Enpresa horiei "alfonbra gorria" jarri izana leporatu diete Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo, Zestoako eta Zumarragako udaletan dauden alderdi politikoei, "salbuespenik gabe". "Trantsizio ekologikoaren beharra dute ahotan, gure mendien suntsiketa justifikatzeko. Eredu aldaketaz hitz egiten digute, petrolioa haizeagatik ordezkatzeak aldaketa hori suposatuko balu bezala. Lehenago edo geroago zerbait sakrifikatu beharko dugula diote agintariek. Ez al dugu jadanik nahikoa sakrifikatu? Antropizatu gabeko lur eremurik ez da Gipuzkoa osoan. Basorik apenas geratzen zaigun eta lur galera etengabea daukagu. Berriztagarriak jartzearen aldeko apustua egin, egin beharko da. Baina garbi daukagu, ahalik eta kalte gutxien eragingo duten lekuetan izan behar duela, baita herri guneetan ere. Guretzako izango den energia sortzeak eragiten dituen hainbat kalte guk geuk pairatu beharko genituzkeelako".

Eredu aldaketak, ordea, beste modu batekoa izan beharko lukeela uste dute Sañu Bizirik eta Oletan ere ez taldeetako kideek. "EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta beste alderdi politiko guztiek argi uler dezatela nahi dugu egungo sistema kapitalistaren gose infinituak ez duela amaierarik. Eredu ekonomiko honek ez du inoiz nahikoa energia berriztagarri izango, ezta nahikoa mendi ere, gaur egungo eskaera energetikoa asetzeko; maila honetan produzitu eta kontsumitzen jarraitzeko".

Udalei eskaera zuzena egin diete jarraian. "Oleta-Buruzaiko proiektua da momentu hauetan aurreratuena doana. Azkoitian neurketarako baimenak ematen dabiltza. Azpeitian proiektuaren aurka azaldu arren, informaziorik ez dutela esaten dabiltzan bitartean. Dei zuzena egiten dizuegu, berandu baino lehen ingurunea Gune Babestu izenda dezazuen, Elgoibarren Karakateko proiektuarekin udalak egin bezala. Ez du balio, orain informazio falta argudiatu eta ondoren Tapia Legearen hegalpean ezkutatzeak ardurak ekiditeko. Egin daiteke eta, badago zer egina, proiektu hauek gelditzeko".

Ukatu egin dute Oletan ere ez eta Sañu Bizirik! eolikoen kontrako taldeak direnik. "Benetako trantsizio energetikoan sinesten dugu, dituen erpin guztiak kontuan hartuko dituena. Landa lurrak, landatzeko utzi eta benetan beharrezko jotzen diren infraestruktura berriztagarriak, artifizializatutako edo degradatutako lurretan kokatuko dituena. Energia baliatzeko sare propioak izango dituena. Bertan produzitutakoa bertan kontsumitzeko aukerak emango dituena. Denon artean, bat bera ere atzean utzi gabe, zer, nola eta non egingo dugun erabakitzeko aukera emango duena".

Oletan ere ez eta Sañu Bizirik! bioaniztasunaren, ekosistemaren orekaren, elikadura burujabetzaren eta gure kulturaren alde dauden taldeak direla adierazi dute. "Aurrean dugun krisi eko-soziala ez da energia sortzeko beste era batzuk bilatuz bakarrik konpontzen. Ezta gure biziraupenerako hain garrantzitsuak diren eta hain maiteak ditugun mendiak 25 urteko errendimendu hutsa duten eolikoz josten ere. Euskal Herrian kontsumitzen den elikagaien %3 da soilik bertan produzitua. Biodibertsitatearen gainbehera gelditu beharreko afera bihurtu da. Makroproiektu hauekin landatzeko lurrik gabe eta bertan biziz, landa eremua zaintzen duten baserritarrik gabe geldituko baikara".

Eta gaurkoan Sañoa eta Oletari buruz jardun diren arren, gure bailaran mehatxupean dauden mendiak gehiago direla oharatarazi dute. "Izazpi, Samino, Izarraitz, Komisolatza, Mendibeltz, Gazume, Indamendi, Txatxarromendi, Urraki… Halako makroproiektuak jartzeko inguru egoki bezala izendatzera doa Eusko Jaurlaritza. Guztiak gune industrial bilakatuta ikusteko prest gaude burujabetzaren izenean? Mendien alde gaudelako, eta suntsitzaileek aurrean izango gaituztelako, gure mendiak biririk".

Bukatzeko esan dute maiatzaren 20an Gasteizen manifestazio nazionala egitekoak direla Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik lelopean, eta hara joateko deia egin diete plazan guztiei.

Erlazionatuak

Sañu Bizirik, urte erdiz mendien suntsiketaren aurkako borrokan

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2023 mar 17