Iraitz Lazkano: "Erabilera da orain benetan indartu behar dugun esparrua"

'Berria' egunkaria 2023ko mar. 24a, 08:40
Iraitz Lazkano Uemako lehendakaria. (Goiena)

Uema handitzen ikusi du Iraitz Lazkanok han kargua hartu zuenetik, harro: gainditzear dute ehun herriren langa. Kontrara, datuek erakusten dute, eta kaleetan ere sentitzen da, hiztun komunitateen trinkotasun galera. Uemak zapatuan Azpeitian egingo duen ekitaldian beste lau udalerri batuko dira mankomunitatera. Arantxa Iraola kazetariak Berria egunkarirako elkarrizketa egin dio Uemako lehendakariari.

VII. Inkesta Soziolinguistikoaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak astelehenean aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzak. Eremu euskaldunenetan erabilera apaltzen ari dela erakusten duten grafikoak ikusi dira berriro, eta datuok gaiaren gainean lehendik ere erakutsi izan duten kezka berrestera datozela onartu du Iraitz Lazkano Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari eta Elgetako alkateak (1987, Elgeta, Gipuzkoa). Inkestan datu "positibo" hainbat agertu izana goraipatzekoa dela onartu du, baina atzerakada erakusten duten datuei ere tentuz erreparatu behar zaie: "Euskara hegemonikoa den inguru horiek poliki-poliki husten ari dira". Ueman, hala ere, badituzte pozteko motiboak, sendotasun ezaugarriak; larunbat honetan Azpeitian (Gipuzkoa) egingo den ekitaldi batean, hain justu, beste lau udalerri sartuko dira mankomunitatean; ehun udalerriren langa gaindituko dute, eta ospakizun bat ere egingo dute horren harira.

VII. inkesta kalean da, labetik atera berriak dira datuak, eta, eremu euskaldunenetara begira, badira kezkarako motiboak. Zer interpretazio egiten duzue?

Gu aspaldi ari ginen esaten: moteltzen ari da udalerri euskaldunetan euskararen gorako joera, kasu batzuetan jaisten ere bai, eta erabileran beherako joera ikusi dugu. Uemaren ikuspegitik, uste dugu udalerri euskaldunak eta arnasguneak direla euskararen biziberritzerako giltzarrietako bat, ez bakarra, baina giltzarrietako bat dira; behar dira halako eremuak, zeintzuetan hizkuntza bat hegemonikoa den. Baina galtzen edo lausotzen ari dira.

Baina Ueman pozteko datuak ere badira: 101 udalerri izango zarete laster mankomunitatean; 305.000 lagun bizi dira horietan.

Datu horiek Uemaren sendotasunaren isla dira. Are gehiago azkenaldian sartu zaizkigun udalerrien tipologia kontuan hartuta. Orain arte Ueman sartzeko baldintzak betetzen ez zituzten herriak mankomunitatean sartzeko behar den euskara indizera hurbilduz joan dira poliki-poliki, eta horrek jarri gaitu erronka berri baten aurrean.

Zein dira erronka nagusiak?

Batetik, orain arte arnasgune izan diren udalerri euskaldun horiek mantentzea. Uste dugu euskararen biziberritzean ezinbestekoak direla; eta, bestetik, erronka da kontzientziazioa, ahalduntzea, eta, neurri handi batean, XXI. mendeak jarri dizkigun erronkak eta bizimodu berriak euskaraz ere egin daitezkeela frogatzea. Gero eta nabarmenago ikusten dugu ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeari erantzun behar zaiola, eta ezagutzan egin dugun apustua, lortu diren emaitzak, erabileran jarri behar ditugula; erabilera da orain benetan indartu behar dugun esparrua.

Elkarrizketa osoa Berriaren webgunean irakur daiteke.