Kale pintura lehiaketaren bigarren edizioa izango da maiatzaren 7an

Julene Frantzesena 2023ko mar. 23a, 11:16
Parte hartzaile bat iazko edizioan Enparan dorretxea margotzen.

Lehiaketaren egunean, lanerako euskarriak Betharrametako erakusketa aretoan zigilatu ahal izango dira 09:00etatik 11:00etara bitartean. Lanak kalean eta Azpeitiko lurretan egin beharko ditu partaide bakoitzak. Orotara bost sari banatuko dituzte aurten ere: helduen mailan hiru, eta haurren eta gaztetxoen mailan, bi.

Iaz egin zuten Azpeitian kale pintura lehiaketaren lehen edizioa, eta egitasmoak izan zuen erantzuna tarteko, bigarren aldiz egitea erabaki dute Arte eta Diseinu Ikastegiak (ADI) eta udalak. Hain zuzen ere, maiatzaren 7an, igandez, egingo dute lehiaketaren bigarren edizioa.

Edozein herritarrek parte hartu ahal izango du lehiaketan, eta horietako bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal izango ditu. Hori bai, lanak kalean eta Azpeitiko lurretan egin beharko ditu partaide bakoitzak, nahiz eta edozein teknika edo material erabilita gauzatutakoak onartuko dituzten.

Lehiaketaren egunean, lanerako euskarriak Betharrametako erakusketa aretoan zigilatu ahal izango dira 09:00etatik 11:00etara bitartean. Egitasmoaren sustatzaileek esan dutenez, euskarriak gogorra izan beharko du, eta ez dute onartuko horiek aurrez egindako marrazkirik edo zirriborrorik izatea.

Lanak Betharramen bertan aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek 13:00etatik 13:30era bitartean, eta honako datu hauek jakinarazi beharko dituzte: jaiotze data, NA zenbakia, herria, helbidea eta telefono zenbakia.

Bost sari

Antolatzaileek izendatuko duten epaimahaiak erabakiko du lehiaketaren lan irabazleak eta saridunak zein diren. Erabakia hartu bitartean, baina, hamaiketakoa egiteko aukera izango dute lehiaketako parte hartzaileek Sanagustin kulturgunean. Erabakiaren berri 14:30ean emango dute epaimahaikideek, eta orduan egingo dute sari banaketa ekitaldia ere, Betharrametako aretoan. Guztira bost sari banatuko dituzte aurten ere –hutsik gera daitezke horiek–: hiru helduen mailan eta bi haurren eta gaztetxoen mailan.

Helduen mailako lehen sariaren irabazleak 800 euro jasoko ditu, eta bigarrenak, berriz, 500 euro. Horrez gain, herritar sari deitu dutena ere banatuko dute, eta haren irabazleak 300 euro eskuratuko ditu. 16 urtez azpiko parte-hartzaileen artean, aldiz, arte materialez osatutako bi sari banatuko dituzte: 12 eta 16 urte bitartekoen artean bata, eta 12 urtez azpikoen artean, bestea.

Lehen bi sariak eskuratzen dituzten lanak udalaren jabetzan geldituko dira, eta lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin osatutako erakusketa egitasmoaren biharamunean, maiatzaren 8an, zabalduko dute, Betharrametan, eta hilaren 14ra arte izango da irekita.

Honako lotura honetan irakur daitezke lehiaketaren bigarren edizioaren oinarriak.

Iaz Juanjo Altuna arrasatearrak irabazi zuen pintura lehiaketaren lehen edizioa. Orotara, 22 helduk eta 18 gaztetxok parte hartu zuten lehiaketan orduko hartan.