Alaia Juaristi: "Pena handiz hartu dut Espainiako Txapelketak atzeratu izana"

Maialen Etxaniz 2023ko mar. 23a, 11:03
Alaia Juaristi. (Ihintza Elustondo)

Elur falta tarteko, atzeratu egin dituzte datorren asteburuan jokatzekoak ziren Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketak. Alaia Juaristi iraupen eskiatzaile azpeitiarrak "pena handiz" hartu du berria, txapelketan emaitza onak lortzeko aukerak baitzituen. Vaqueira-Bereten ziren denboraldiko azken jardunaldia jokatzekoak, eta Juaristi "oso ondo" moldatzen da pista horietan. Gainera, azken hilabeteetan "denbora asko" eskaini dio Espainiako Txapelketak prestatzeari. Orain, denboraldiarekin zer gertatuko den "ikusteko" dagoela dio azpeitiarrak. 

Atzeratu egin dituzte datorren asteburuan jokatzekoak ziren Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketak, eta horrek zuzen-zuzenean eragin dio Alaia Juaristi iraupen eskiatzaile azpeitiarrari. Denboraldiko azken jardunaldia zen datorren asteburukoa, eta orain denboraldiarekin zer gertatuko den ikusteko dago; izan ere, elurrak eta eguraldiak baldintzatuko dute denboraldi amaiera. Juaristik "penaz" hartu du berria, Espainiako Txapelketetarako gogoz baitzegoen. 

"Elur falta handia dagoelako hartu dute erabakia. Duela bi aste inguru nahikoa elur zegoen Vaqueira-Bereten, baina azken egunetan tenperaturak igo direnez eta euria egin duenez, oso elur gutxi dago. Pistak ez daude eskiatzeko moduan, eta are gutxiago txapelketak jokatzeko baldintzetan", azaldu du Juaristik. Hala ere, adierazi du berriak ez duela ezustean harrapatu: "Berria sorpresa handirik gabe hartu nuen. Bagenekien zalantzak zituztela aurrera egin edo ez; tentsioa nabaritzen zen. Eski alpinoko pistetan egiteko aukera ere jarri zuten mahai gainean, baina azkenean txapelketak atzeratzea erabaki zuten". Azpeitiarrak dio "ikusteko" dagoela zer gertatuko den txapelketekin eta denboraldiarekin. "Apirilera atzeratu dituzte txapelketak, baina ikusteko dago pistak zer egoeretan egongo diren apirilean", dio.

Tristura eta ezjakintasuna

Txapelketak atzeratzea Juaristirentzat "kaltegarria" da; erabakiak ez dio mesederik egingo. Horretaz oso jakitun da bera: "Txapelketak atzeratzea txarra da niretzat; denboraldi honetan entrenamendu asko eskaini dizkiot Espainiako Txapelketei, eta horiek prestatzen aritu naiz. Horrenbeste lan egin eta gero, azken lasterketak ez zitzaizkidan batere ondo atera. Vaqueira-Bereteko pistak, ordea, oso ondo ematen zaizkit, jaitsiera teknikoak dituen eremua da, eta igoeraz gain, eremu lauak ere baditu. Eremu lauetan igoeretan baino hobeto moldatzen naiz. Beraz, niretzako pista oso egokiak dira, eta datak ere onak ziren, azken asteetan indartsu sentitzen nintzelako". Datorren asteburuko txapelketak "aukera" gisa ikusten zituen Juaristik, eta "penaz" hartu du antolatzaileen erabakia: "Azken lasterketak nahi bezala atera ez zitzaizkidala ikusita, asteburuko jardunaldiak emaitza onak lortzeko aukera on bat bezala ikusten nituen. Beraz, pena handiz hartu dut Espainiko Txapelketak atzeratu izana. Pixka bat triste nago, egia esan".  

Asteburuko jardunaldiekin bukatuko zen aurtengo iraupen eskiko denboraldia, baina azken uneko erabakiak ezjakintasuna eragin du eskiatzaileen artean. "Txapelketak atzeratu dituzte, bai, baina ez dakigu apirilean elurrik egingo al duen, eta beraz ez dakigu txapelketak jokatzerik izango dugun. Elurrak baldintzatuko du dena", azaldu du Juaristik. Hori dela eta, "sentipen arraroa" duela aitortu du: "Badirudi denboraldia bukatu dela, baina izatez ez da bukatu. Beraz, oso arraroa da egoera, eta ezjakintasuna da nagusi. Hala ere, datozen bi asteetan prestatzen jarraituko dut, fisikorik ez galtzeko".