Eneko Otaño: "Apustua mahaian irabazten dela esan izan da, baina plazan irabaztea nahi dut nik"

Julene Frantzesena eta Maialen Etxaniz 2023ko mar. 24a, 10:13

Eneko Otañok (Beizama, 1994) laugarren apustua jokatuko du igandean, 12:30ean hasita, Azpeitiko zezen plazan. Ugaitz Mugertza mutrikuarra izango du aurrez aurre, eta bosna mila euro jokoan. Hogeita bat eta hogei kanaerdiko nork azkarrago ebaki, horixe erronka. Desafioaren atarian, Santa Ageda gainean kokatuta dagoen Galarreta baserrian hartu du Uztarriak Otañok.

Apustuaren eguna iristear da. Nola zaude?

Eguna iristeko gogoarekin. Ea bidean ez dugun katarrorik-eta harrapatzen eta ondo iristen garen. Eta ea egunean bertan ere ez dugun ezusterik izaten.

Ez duzu lehen apustua, ezta?

Laugarrena izango da. Aurrena Larrañarekin jokatu nuen Azpeitian, eta galdu egin nuen. Orduztik jokatutako beste biak irabazi egin ditut, eta ea igandekoa ere irabazten dudan.

Sentipen onarekin al zaude?

Entrenatzen gustura aritu naiz, ondo sentitu naiz, eta uste dut une onean iritsiko naizela apustura. Ea igandean ez didan urduritasunak gehiegi eragiten eta lan ederra egiten dudan.

Nola prestatu zara hilabete hauetan?

Betiko moduan. Astean bizpahirutan aritu naiz aizkoran, garrantzitsuena horixe delako. Horrez gain, mendian ere ibili naiz, eta gimnasioan ere bai. Denetarik egin dut pixka bat.

Mugertza izango duzu parez pare. Ba al duzu haren berririk?

Jendeak denetariko iritziak ematen ditu, eta ondo dagoela esan didate. Apustua izanik, ondo prestatuko zela pentsatzen dut, baina ikusi beharko da gero zer egiten duen. Normalean lanak indartsu hasten dituen aizkolaria da, baina hogei kanaerdiko ebakitzea harentzat ere lan gogor samarra dela uste dut. Beraz, ez dut uste apustua indartsu hastea komeniko zaionik. Izan ere, hala hasiz gero, lanak luze egingo zaizkiolakoan nago.

Nolatan egin zenuen harekin apustua jokatzeko akordioa?

Aizkolari txapelketa baten osteko bazkari batean atera zen apustuaren kontua lehen aldiz, eta han ez geunden ez ni, ez Mugertza. Mahaiaren bueltan hasi ziren hizketan Joxe Miel Peñagarikano –nire entrenatzailea– eta Fausto Mugertza –Ugaitzen aita–. Saltsan hasi ziren, elkar berotzen, eta...

Protagonistak falta zinetela egin zituzten negoziazioak...

Hala izan zen, bai. Mugertzaren aldekoek ez zuten nahi lan berdinetara egin apustua; kanaerdiko baten aldea uztekotan apustua jokatuko zutela esaten zuten. Banekien enbor bat gehiago edo gutxiago ebaki aldea zela, baina apustuak jokatzea gustatu egiten zait, eta... Apustua mahaian irabazten dela esan izan da, baina plazan irabaztea nahi dut nik.

Dena den, apustua ixteko hitzordua Mendizabalen egin zenuten abenduaren 9an.

Aurretik hitz egindako gauza guztiak hitzartu genituen orduan, baina eztabaida luzea izan genuen Mugertzak zein enbor ez moztu erabakitzerakoan.

Zergatik utzi diozu enbor baten aldea?

Utzi baino beraiek eskatu duten zerbait izan da. Azken urteetan, txapelketetan normalean irabazi egin izan diot Mugertzari, bizpahiru minutuko aldea atera izan diot. Apustua berdintzeko enbor baten aldea izatea eskatzen zuten, eta uste dut abantaila horrekin nahiko berdindua izango dela desafioa. Hala izatea nahi dut.

Parekatuta ikusten duzu, beraz, apustua?

Kanaerdiko batek bizpahiru minutuko aldea sor dezake lehiakideen artean, eta aurkariari tarte hori kentzea ez da erraza izaten. Hori dela eta, bukaerara arte apustu gogorra izango dela aurreikusten dut.

Plazan zer giro izatea nahiko zenuke?

Kuadrillako kide eta lagun dezente joango direla pentsatzen dut, eta Mugertzak lehen apustua duenez, Mutriku aldetik ere jende ugari joango dela uste dut. Giro beroa eta ederra egongo delakoan nago, eta zezen plazan jende pixka bat elkartuko dela aurreikusten dut.

Bosna mila euro izango dituzue jokoan...

Apustuan beti izaten da dirua tartean, eta galtzeko edo irabazteko, nahikoa diru dela uste dut. Ea nire aldera tokatzen den...

Nola bizi izan dituzu abenduan apustua itxi zenutenetik hona arteko hilabeteak?

Apustua hitzartu genuenean luze ikusten nituen martxora arteko lau hilabeteak. Pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen prestatzen, bidean ez dut izan lesiorik, eta gustura aritu naiz entrenatzen. Ja eguna iristeko gogoz nago.

Hilabeteotan izan al duzu atzera egiteko tentaziorik?

Ez. Apustu mundua asko gustatzen zait, eta...

Desafioa adosteko hitzordua gaur izango bazenu, hitzartuta duzuen baldintzaren bat aldatuko zenuke?

Kanaerdiko baten abantaila eduki behar baldin bazuen, apustua ixtea zegoen modurik onenean erdietsi genuela uste dut. Kostatu zitzaigun, baina lortu genuen geure erara gerturatuta ixtea.

Ez al zenuke ezer aldatuko?

Abantaila kenduko nioke, baina beraiek esan zuten abantaila gabe ez zutela jokatuko, apustua ixtekotan kanaerdiko baten aldea izan behar zuela. Halaxe adostu genuen.

Apustu zalea zara, beraz?

Beti gustatu izan zait apustu kontua; txapelketek baino grina handiagoa piztu izan didate betidanik. Apustuak badu beste zera bat: itxitako egunetik izaten dudan ilusioa ez dut edukitzen txapelketen atarian.

Txapelketetan ere maila onean zabiltza, ordea.

Urtez urte, bere batean, gora egiten eta koskak igotzen ari naiz. Gustura aritzen naiz, eta horretan segituko dut ahal dudan bitartean. Ea horrelaxe jarraitzeko aukera dudan.

Zerk bultzatu zaitu laugarren apustua egitera?

Apustu mundua asko gustatzen zait. Urte guztian zehar bizitasun gehien ematen didan hitzordua izaten da apustua; txapelketek baino gehiago ematen didate halakoek. Iaz ere gustura jokatu nuen apustua, aurten ere jokatzeko gogoz nago, eta datorren urtera begira ez dut aterik ixten.

Nahi duenarentzat apustua jokatzeko ateak irekita dituzula, alegia?

Bai. Halakoxea da apustuen eta herri kirolen mundua. Dena hitz egin behar izaten da, baina ez daukat inor aparte uzteko. Edonorekin hitz egiteko eta negoziatzeko prest nago, bai abantailak emateko, bai abantailak eskatzeko. Horixe da apustua.

Ba al daukazu desafioa bere kontra jokatu nahiko zenukeen norbait buruan?

Apustu aukera asko ditut buruan, asko baitira beraien aurka gustura jokatuko nukeen aizkolariak. Aurreneko apustua Larrañagaren kontra jokatu nuen, abantailarekin, eta gustatuko litzaidake biok baldintza berberetan jokatzea. Bestalde, gustura arituko nintzateke Julen Alberdi Txikia IV.arekin, Iker Vicenterekin, Jokin Urretabizkaia Basozabalekin, Hodei Ezpeleta Bihurrirekin... Apustuan askoz ere gehiago neurtzen da pertsona, eta egurrei dagokienez ere, aukera berdintasun handiagoa izaten da.