Euskararekin jolas egiteko, badator Xapokeitan

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 29a, 16:38
Eneritz Albizu, Leire LarraƱaga eta Leire Goenaga, gaur eguerdian Sanagustinen egin duten aurkezpenean. (Aitziber Arzallus)

"Hizkuntzaren sustapena eta herri izaeraren transmisioa" ardatz dituen galdera-erantzunen jolasa izango da eta Azpeitiko Udalak eta Uztarriak elkarlanean landu dute. Parte hartu nahi dutenek apirilaren 4rako eman beharko dute izena, eta jolasa bera apirilaren 17tik 30era bitartean egongo da martxan. Finala, berriz, maiatzaren 9an izango da, Sanagustinen eta herritarren aurrean. 

Euskararekin eta euskaraz jolas egiteko, Xapokeitan jolasa sortu dute Azpeitiko Udalak eta Uztarriak elkarlanean. Galdera-erantzunen jolasa izango da Xapoiketan, eta Egunean Behin jolas ezagunearen antzerako formatua izango du. Galderak, ordea, Azpeitiarekin eta Euskal Herriarekin zerikusia dutenak izango dira. Gaur eguerdian eman dituzte egitasmoaren nondik norakoak, Sanagustin kulturgunean egin duten aurkezpenean. Eneritz Albizu eta Leire Goenaga zinegotziek eta Leire Larrañaga Uztarriako ordezkariak parte hartu dute ekitaldian.

Apirilaren 17tik 30era bitartean egongo da martxan Xapokeitan jolasa, hamalau egunez hain zuzen, asteburuak barne. Parte hartzaile bakoitzak egunean hamar galdera erantzun beharko ditu, 08:00etatik 12:00etara bitartean. Galdera bakoitzak hiru erantzun posible izango ditu –horietako bakarra izango da zuzena–, eta parte hartzaileak bat aukeratu beharko du.

Behin hamalau egun horiek igarota, finala jokatzea geldituko da, eta maiatzaren 9an izango da hori, Sanagustin kulturgunean eta herritarren aurrean. Hiru parte hartzaile sailkatuko dira finalera: batetik, erantzun zuzen gehien asmatzen dituzten bi herritarrak –berdinketarik balego, zozketa bidez erabakiko dira horiek–; eta bestetik, parte hartzaile guztien artean zozketa eginda tokatzen zaiona. Finalera sailkatzen den parte hartzaile bakoitzak bikotekidea aukeratu beharko du finalean parte hartzeko. Hortaz, hiru bikote ariko dira elkarren kontra finalean. Hainbat proba egin ostean, bikote bat kanporatua izango da, eta beste biek elkarren kontra jokatuko dute irabazlea zein den erabakitzeko.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute, honako formularioa beteta, apirilaren 4ko 12:00ak baino lehen. Lehiaketan izena ematen dutenek apirilaren 13an mezu elektroniko bat jasoko dute, lehiaketan parte hartzeko erabiltzailearekin eta pasahitzarekin. Horiek erabili beharko dituzte erregistratzeko eta lehiaketan parte hartzeko. Parte hartzeko ezinbesteko baldintza izango da 16 urteak beteta izatea.

Finalera iristen diren bikoteentzat sari potoloak iragarri dituzte antolatzaileek. Bikote irabazleak 100 euroko Bertan merkatarien elkarteko bi bonu eta bertako produktuez osatutako bi otarre jasoko ditu, bikotekide bakoitzarentzako bana. Bigarren eta hirugarren postuetan sailkatzen diren bikoteek, berriz, 50 euroko Bertan merkatarien elkarteko bina bonu eta bertako produktuez osatutako bina otarre jasoko dituzte, bikotekide bakoitzarentzako bana. Horrez gain, jolasean parte hartu duten herritar guztien artean hamar sari zozkatuko ditu Uztarriak.

Azpeitiar peto-petoaren bila

Leire Larrañaga adierazi du Uztarriak lehendik ere baduela eskarmentua horrelako jolasetan, herriko festa, ekitaldi berezi eta beste hainbat gai zehatzei lotutako galdera-erantzunen lehiaketak egin izan dituelako, eta ehunka herritarrek parte hartu izan dutela horietan. "Horregatik, lehiaketa zabalagoa egiteko udalaren proposamena begi onez ikusi genuen". Zehaztu du, kasu honetan, Azpeitiko Udalak sustatu duela Xapokeitan jolasa, eta gero, udalak eta Uztarriak elkarlanean prestatu dutela lehiaketa.

Eneritz Albizu zinegotziak esan du "ilusio handia" egiten diela UKTrekin batera landutako egitasmoa aurkezteak. Adierazi du Xapokeitan euskaratik eta euskaraz sortutako lehiaketa bat dela, hizkuntzaren sustapena eta herri izaeraren transmisioa ardatz dituena. "Batetik, uste dugu garrantzitsua dela herri kontakizun bat osatzea eta hori transmititzea, belaunaldiz belaunaldi ez ezik, baita herritarren artean ere. Gure hizkuntza, historia, kultura, gizartea, kirola, jaiak… Azpeitiarrok zer garen, nola garen ezagutzeko eta zabaltzeko lehiaketa bat da. Dena den: jolasa da oinarria, eta ondo pasatzea helburu nagusia".

Albizuk nabarmendu du euskararen normalkuntzari ere erreparatu nahi diotela. "Euskara Plana osatzean, ikusi genuen hutsune handia dugula euskarazko aisialdian, ikus-entzunezkoetan eta entretenimenduan. Badakigu arazo hori ezin duela udal batek konpondu, eta egiturazko erabakiak behar direla, goi erakundeen aldetik. Dena den, uste dugu herrietatik ere eragin daitekeela eginkizun horretan. Hau gure ekarpena da euskararekin jolas egiteko eta jolasarekin euskaraz egiteko".

Leire Goenaga zinegotziak jolasean parte hartzeko deia egin die herritarrei: "Jakin badakigu herriarekiko atxikimenduak euskararekiko atxikimendua ere badakarrela, eta hori indartzera gatoz. Azpeitiar guztiak gonbidatu nahi ditugu bertan parte hartzera, eta azpeitiar peto-petoaren domina lortzera. Zer da azpeitiar peto-petoa izatea? Seguru gaude sorpresa asko hartuko ditugula!".

Gaur helduentzako lehiaketa aurkeztu badute ere, gaztetxoei zuzendutakoa prestatzen ari direla aurreratu du Goenagak, eta espero dutela udazkenerako gertu izatea. "Izan ere, uste dugu gaztetxoei halako aukerak eskaintzen lan handia dugula egiteko".