Kaletxiki eta Kaleaundi berrurbanizatzeko proiektua aurkeztu die udalak Urrestillako bizilagunei

Julene Frantzesena 2023ko mar. 30a, 15:24
Hainbat urrestildar eta Aitor Bereziartua zinegotzia atzo egin zuten bileran. (Azpeitiko Udala)

Bilerara hamabost bat lagun joan ziren, eta Bereziartuak proiektuaren gaineko hainbat azalpen eman zizkien herritarrei. Besteak beste, bi kale horietako zoruak konpontzeaz gain, eliza aurrea eta Kalebarrenaren hasiera oinezkoentzat egokituko dituzte. Proiektua osatzeko, herritarren ekarpenak aztertuko ditu erakundeak.

Urrestillako Kaletxiki eta Kaleaundi nahiz bi kale horien inguruak berrurbanizatzeko proiektuaren aurkezpena egin zuen atzo Azpeitiko Udalak. Aitor Bereziartua Hirigintza zinegotzia Ibaigain jubilatuen lokalean izan zen atzo arratsaldean, herritarrei proiektuaren nondik norakoak azaltzen eta horien ekarpenak jasotzen.

Bilerara hamabost bat lagun joan ziren, eta Bereziartuak proiektuaren gaineko hainbat azalpen eman zizkien horiei. Lehenik, proiektuaren sorrera azaldu zien herritarrei. Haren arabera, Urrestillako erdiguneari lotutako hainbat eskaera jaso zituzten, eta horiei erantzun ahal izateko eta irisgarritasuna hobetzeko berrurbanizazio proiektua egitea erabaiki zuen erakundeak.

Zehazki, udalak azaroan auzoan egindako bileran aurreratu zuen proiektua egiten ari zela, eta orain gauzatu duten lanaren gaineko ekarpenak jasotzeko bilera egin dute. Atzo herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko konpromisoa erakutsi du udalak, eta datozen hilabeteetan proiektua osatuta izatea aurreikusten duela adierazi du. Halaber, Urrestillako berrurbanizatze proiektua datorren urteko aurrekontuetan sartzeko asmoa agertu du erakundeak.

Hainbat lan

Udalak proiektuak jaso duenez, Kaletxikiak gaur egun duen izaera mantentuko dute. Beraz, galtzada harrizkoa izango da, baina irisgarritasuna hobetzeko aldatu egingo dute zorua. Halaber, kalearen erdian harri txikia jarriko dute, eta espaloia bereizteko, berriz, harri zabal eta handiak. Lan horiekin batera, ur hornidura sarearen azpiegiturak berrituko dituzte, eta etxe atarien nahiz lokalen sarrerak berdintzen ere ahaleginduko da erakundea.

Kaleaundik, berriz, azpiegitura sareak berritu eta lurra asfaltatuko dute. Gainera, kalearen goikaldean pasabide jasoa egingo dute, ibilgailuen abiadura murrizteko xedez.

Horrez gain, plaza ordenatzeko beharra dagoela ere azpimarratu zuen Bereziartuak atzoko bilera. Hark adierazitakoaren arabera, Aratzerrekatik Urrestillara iristen diren autoak Kaleaunditik gora joatea lortu nahi dute, eta horretarako, eliza aurrea eta Kalebarrenaren hasiera oinezkoentzat egokituko dituzte. Halaber, eremu horretan lurzoruaren kota berdintzeko hainbat neurri hartuko dituzte.

Bestalde, zubiaren gaina berrituko dutela ere aurreratu zuen zinegotziak, eta ibai ertzeko paseoa kalearen bukaeraraino luzatzeaz gain, presarako oinezkoen bidean zebrabide bat jarriko dutela ere adierazi zuen.