Kanpoko igerilekuko kantina ustiatzeko lehiaketa publikoa jarri du martxan udalak

Julene Frantzesena 2023ko api. 20a, 13:35
Kanpoko igerilekua.

Herritarrek maiatzaren 3a bitartean aurkez ditzakete proposamenak. Kantina kanpoko igerilekua zabalik izango den epealdian kudeatzeko lehiaketa da martxan jarri dutena.

Estaligabeko igerilekuaren berdegunean kokatuta dagoen kantina ustiatzeko lehiaketa publikoa jarri du martxan Azpeitiko Udalak. Herritarrek dagoeneko aurkez ditzakete proposamenak; maiatzaren 3ra bitartean izango da horretarako aukera.

Kantina kanpoko igerilekua zabalik izango den epealdian kudeatzeko lehiaketa da martxan jarri dutena, eta haren ardura hartzen duenak 450 euroko kanona ordaindu beharko du. Honako lotura honetan irakur daitezke lehiaketaren oinarriak.

Uda sasoian, ekainaren erditik irailaren erdira bitartean –11:00etatik 20:00etara–, izan ohi da zabalik kanpoko igerilekua, eta hango eskaintza osatzeko eta hobetzeko xedez zabaldu du lehiaketa erakundeak.