Mendietan eolikoak jartzearen kontra elkarretaratzea egin dute Bieleko langileek

Aitziber Arzallus 2023ko api. 28a, 16:03
Bieleko langileek gaur eguerdian egin duten elkarretaratzea. (Utzitakoa)

Mendiak eta landa eremuak industrializatzeak eta horietan zentral eolikoak jartzeak egungo krisi energetikoari irtenbiderik emango ez diotela iritzita, horiek babesteko garaia dela adierazi dute, eta beste era bateko egitasmoen beharra aldarrikatu dute. 

Bieleko langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, mendietan zentral eolikoak jartzearen kontra. "Jakitun gara ertz ugari dituen krisia bizi dugula, eta energiarena dela horietako bat. Hori horrela izanik ere, ez dugu uste mendien eta landa eremuaren industrializazioa denik irtenbidea. Gero eta argiago dugu, isilik geratuz gero, gaur Sañoa-Etumeta eta Oleta-Izazpi proiektuez ari garen bezela, bihar Gipuzkoan aurreikusten diren eskala handiko 35 zentral eolikoen inguruan aritu beharko dugula, izan Izarraitzen, Hernion, Karakaten eta beste hainbat lekutan". 

Bieleko langileek garbi dute mendiak eta landa eremuak babestu beharra dagoela; "gaur klima larrialdietan biodibertsitatean galerari aurre egiteko, elikadura burujabetzarako zein herritarren aisialdirako biziki garrantzitsuak badira, bihar ezinbestekoak izango direlako". Badakite auzia ez dela erraza, eta ezer ez egitea ere ez dela soluzioa, baina badira han eta hemen beste modu bateko egitasmoak badirela adierazi dute, "energi berriztagarrien esparrukoak, baina horien izaera edo esentzia bera errespetatzen dutenak eta ez energia berriztagarriak gaurko ekoizpen eta kontsumo eredura moldatzen dituztenak".

Adituen artean, ingurumenari loturiko eragileen artean eta herritarren artean eztabaida "bizi-bizirik" dagoela nabarmendu dute Bieleko langileek, eta horregatik, beraiek ere auzian duten jarrera zein den adieraztea erabaki dutela. "Uste dugu klima aldaketaren aitzakian saldu nahi diguten energia sorkuntza zentralizatutako planta industrialen beharra epe motzerako interes jakin batzuei erantzuten dien plangintza baten ondorio dela. Gure lurraldeko mendiak, bioaniztasuna eta landa eremuko bizimodua atzera bueltarik gabe kaltetuta utziko lituzke horrek. Ondorioz, argi dugu gure mendien zein landa eremuen zaintzan eta defentsan ariko gara gu ere. Mendietan zentral eolikorik ez!".