Puntako ikuskizuna zezen plazan

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 5a, 12:15
Xabier Iturralde errekortari azpeitiarra, iaz, Figueruelaseko zezen plazan, zezenari uztaia jartzen. (Javier Medrano)

­Igandean, lehenengoz, Uztaidun Errekortarien Txapelketa jokatuko dute Azpeitian. Mailarik goreneko errekortariak eta zezenak aterako dira plazara, adarrak bistan.

Azpeitiko zezen plaza era askotako txapelketen eta ikuskizunen testigu izana da, baina, gaurdaino, sekula ez du uztaidun errekortarien txapelketarik hartu; igande arratsaldean jokatuko dutena izango da lehendabizikoa. Orain gutxi sortu duten Kalian Gora zezenzale elkarteak antolatu du ekintza, eta elkarteko lehendakari Asier Albitek ziurtatu duenez, "punta-puntako ikuskizuna" izango da etzikoa. "Horretarako osagai guztiak izango ditu: lehen mailako errekortariak eta lehen mailako zezenak. Estatu mailako ligako hamasei errekortari onenek parte hartuko dute lehian, eta zezenak Zaragozako (Espainia) Marcen ganadutegiak jarriko ditu; Espainiako Errekortarien Txapelketara zezenak eramaten dituen ganadutegia da hori. Gainera, zezenak adarrak bistan dituztela aterako dira plazara".

Errekortarien txapelketa gehiago ere izan dira Azpeitiko zezen plazan, baina horrelakorik inoiz ez dela izan adierazi du Albitek. "Uztailaren 25ean Zezen Beltzek antolatzen duen errekortarien txapelketa ere ligakoa izaten da, baina beste modalitate batekoa. Zezen Beltzek antolatzen duenean, errekortariak lauko taldeetan ateratzen dira plazara, eta gero banaka irteten dira zezenarengana, lau eratako errekorteak egitera; oraingo honetan, berriz, bi errekortari irteten dira behi batengana, biak batera, bikotean, eta bien artean adarretan ahalik eta uztai gehiena sartzea izaten da kontua".

Uztaidun Errekortarien Espainiako Ligarako puntuagarria izango da igandeko jardunaldia, eta Albiteren esanetan, antolaketa baldintza zorrotzak betearaztea ekarri die horrek. "Zezen festa herrikoi arrunt batek baino dezentez lan gehiago dauka igandekoak, batez ere zezenak puntetan edo adarrak bistan dituztela aterako direlako plazara. Ligarako puntuatzen duen jardunaldia denez, aukera geneukan adarrak bolaztatuta edo bistan ateratzeko, eta puntak agerian egitea erabaki dugu lehiari ikusgarritasun handiagoa ematearren, nahiz eta horrek arriskutsuago egiten duen".

Adarrak bistan ateratze horrek ikuskizunari "beste puntu bat" emango diola iritzi dio Albitek. "Zezenekin gabiltzanean, arriskua beti dago; bolaztatuak ateratzen ditugunean edo sokamuturrean ere ezbeharrak gerta daitezke. Egia da, ordea, zezenak berez duen parterik arriskutsuena adarrak direla, eta horiek bistan eramateak arriskua dezente handitzen duela. Horrek, baina, publikoaren ikuspuntutik begiratuta, beste emozio bat ematen dio ikuskizunari. Inork ez dugu nahi izaten ezer gertatzerik, baina denoi gustatzen zaigu arriskua usaintzea". Txapelketa "oso azkarra eta bizia" izango dela adierazi du Kalian Gora elkarteko lehendakariak, zezenekin egiten diren beste ikuskizunekin alderatuta, "askoz dinamikoagoa", eta "ikusleak tentsioan" egongo direla bikote bakoitzarekin eta momentu oro. "Jendeak ez du piparik ere jango".

Hori bai, ikuskizuna zenbat eta arriskutsuagoa, hura antolatzeko gastuak orduan eta handiagoak. "Aseguruari dagokionez, bolaztatutako zezenekin egiten den ikuskizun batengatik baino gehiago ordaindu beharko dugu, eta horrez gain, anbulantzia bat eta mediku zirujau bat zezen plazan izatera behartzen gaituzte. Gainontzeko baldintzak beste ikuskizunetarako bete beharreko berberak dira, baina exijentzia horiek garestitu edo zaildu egiten dute antolakuntza". Dena dela, ahaleginak mereziko duelakoan dago.

Etxekoa, zalantza

Urte guztian horrelako lehiaketetan jo eta su ibiltzen diren errekortariak izango dira igandean Azpeitian, batzuk Espainiakoak eta beste batzuk Euskal Herrikoak: Ander Gallastegi durangarra (Bizkaia), Ioritz Goñi markiñarra (Bizkaia), Ander Lizarralde billabonatarra (Gipuzkoa)... Eta ondo bidean, han izango da Xabier Iturralde azpeitiarra ere. «Iazko denboraldiaren bukaeran min hartu nuen eta hortxe-hortxe nabil, ia errekuperatu naiz, baina oraindik ez nago bete-betean, eta ez dakit igandean zezen plazara ateratzeko moduan izango naizen. Hori bai, sekulakoa izango litzateke plazetara itzulera neure herrian egitea, eta, noski, ateratzen banaiz, irabaztera aterako naiz, beti ateratzen naizen bezala».

Azpeitiarrak Lizarralde du bikotekide, eta bikote "oso ona" osatzen dutela uste du. "Garrantzitsua da zure bikotekidearekin feelinga eta konfiantza izatea, eta Anderrek eta biok badugu, elkarrekin dezente ibili garelako. Ea igandean plazara ateratzeko moduan nagoen eta ikuskizun polita ematen dugun".

Igandeko txapelketa orain gutxi hil zen Egoitz Albizuri Iherrari eskainiko diote, eta hari omenaldia egiteko baliatuko dute, oso gertukoa zutelako.

Sarrerak erosteko hainbat bide

Igande arratsaldeko ikuskizunerako sarrerak Azpeitiko Mendizabal erretegian, Pastorkua jatetxean eta Korrale eta  Jim Clark tabernetan eros daitezke. 10 urtetik beherakoek ez dute sarrerarik ordaindu beharko; 10 eta 14 urte artekoek bost euro ordaindu beharko dute; eta 14 urtetik gorakoek hamar euro. Sarrerak erostera toki horietara bertaratu ezin dutenek erreserbatzeko aukera ere badute, 629 27 12 27 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidalita. Gaurkoa da erreserbak egiteko azken eguna.

Aurrez saltzen ez diren sarrerak txapelketaren egunean bertan Azpeitiko zezen plazako leihatilan jarriko dituzte salgai. Jaialdia hasi baino zertxobait lehenago zabalduko dute leihatila.