Hanburgesa eta garagardo artisauak aukeran izango dira zapatuan plazan

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 10a, 10:31
Ezkerretik eskuinera, Jon de Marcos eta Arkaitz Pie de Hierro (Izar-Haitz), Xabier Aldalur (Dendartean) eta Mikel Odriozola Festa batzordeburua. (Azpeitiko Udala)

Bigarren urtez jarraian antolatu dute festa Azpeitiko Udalak, Ederto-Harakelek eta Dendarteanek, eta Gipuzkoako II. Hanburgesa Artisau Lehiaketa ere egingo dute. Hogei bat harakinek parte hartuko dute lehiaketan; horien haragiarekin egindako hanburgesak eta Euskal Herriko sei garagardogileren edariak dastatzeko aukera izango da 18:00etatik aurrera.

Joan den urteko "arrakasta errepikatu" asmoz, bigarren urtez jarraian antolatu dute hanburgesa eta garagardo artisauen dastaketa Azpeitiko Udalak, Ederto-Harakel Gipuzkoako harakinen elkarteak eta Dendartean Gipuzkoako merkatari elkarteen bilkurak. Zapatuan, maiatzaren 13an, izango da festa herriko plazan, 18:00etatik aurrera.

Iazko ekitaldian bezala, Gipuzkoako Hanburgesa Artisau Lehiaketa egongo da jai giroko hitzorduaren oinarrian. Azpeitian egin zuten lehen aldia –Arrasateko Agirre Etxe harategiak irabazi zuen; hemen, bideoa ere–, eta Azpeitia egingo dute, etzidamu, bigarrena. Izen ematea ixteko dago, baina antolatzaileek aurreratu dute hemezortzi-hogei harategik parte hartuko dutela aurtengo lehiaketan beren hanburgesa-haragiarekin. Udal ordezkari batek, Leire Beristainek (Ederto-Harakel) eta Mikel Uria sukaldariak osatuko dute lehiaketaren epaimahaia; "hanburgesen itxura, testura, kolorea, zaporea, produktuen konbinazioa eta bertakotasuna" kontuan hartuko dituzte epaimahaikideek, besteak beste, beren epaia emateko.

Eguraldi txarra bada, Azoka Plazan

Lehiaketaren ildotik, herritarrek lehiakideen haragiarekin eta gustuko osagaiekin (gazta, tipula, ketchupa, mahonesa) egindako hanburgesak zein artisau garagardoak dastatzeko aukera izango dute zapatu arratsean plazan. Izan ere, Euskal Herriko sei garagardogile artisauk ere jarriko dituzte dastagai beren edariak zapatuan: Atala Brewing, Basabe, Higer, Mitika, Xorta eta Azpeitiko Izar-Haitz dira horiek. Arratsaldeko hanburgesa lehiaketan eta dastaketan ez ezik, eguerdi partean ere izango da garagardogile horien produktuak dastatzeko aukera plazan, 12:00etatik 14:00etara.

Joan den urteko "formatua errepikatuko" dute antolatzaileek: "Txartelak erosi beharko dira, eta gero horiek hanburgesengatik edota garagardoagatik trukatu". Era berean, "eguraldiak lagunduko ez balu", lehiaketa zein dastaketa Azoka Plazan egingo dituzteka aurreratu dute. "Era batera edo bestela, festa giroa izango da", adierazi dute antolatzaileek, eta "herritar guztiei larunbatean Azpeitiko plazara gerturatzeko dei" egin diete.