Larringo eremua garatzen jarraitzeko plan partzialari behin-behineko onespena eman dio udalak

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 14a, 09:09
Larringo eremua. (Azpeitiko Udala)

Larringo eremuak 210.210 metro koadroko azalera du, eta bideragarritasunaren azterlanak 15.072 metro koadrotik 49.800 metro koadrora bitartekoa lau partzela handi urbanizatzeko proiektua aurreikusten du. Guztira 107.409 metro koadro bideratuko lirateke industria jardueretara. Eremua egokitzea 20 milioi euro kostatuko dela aurreikusten dute. 

Azpeitiko industria beharrei erantzuteko helburuz, 2020ko azaroan Larrin eremua garatzeko konpromisoa hartu zuten Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak. Orain, tramitazio horren baitan, Larrin 22HE-ko Plan Partzialari behin-behineko onarpena eman dio udalak, alkate dekretuz.

Udalak nabarmendu du Larrin industria eremu bilakatzeko pauso bat gehiago eman duela, eta bide horretan, hartutako konpromisoak gauzatzen ari dela. "Enplegua, lana eta ekonomia" bultzatzeko helburuz abiatutako proiektua da Larrin egitea eta azpiegitura industrialak "jarduera industriala berreskuratzeko abiapuntua" direla adierazi du Nagore Alkorta alkateak. Ildo beretik, lur industrialak egokitzea eta eskuratzea estrategikoa dela azpimarratu du: "Landetan eskuhartzen ari gara zaharkituta eta degradatuta dagoen eremuari buelta emateko, baina gaur egungo industria beharretara egokitutako eremuak sortzea eta eskura jartzea ere ezinbestekoa da industria berria erakartzeko. Eta horixe izatea nahi dugu Larrin". Horretarako, inbertsio publiko garrantzitsua egitea aurreikusten du udalak; 20 milioi ingurukoa, hain zuzen.

Plan partziala onartuta, aurrez indarrean dagoen plan partzialean aurreikusitako antolamendu irizpideak aldatu egingo dira; izan ere, udalaren arabera, "eskualdeko enpresek dituzten beharrekin bat ez dutelako egiten". Horrela, tamaina txikiko enpresentzako gune bat izan beharrean, tamaina jakin bateko enpresak kokatzeko moduko partzelak izango ditu eremuak.

Helburu nagusi horretatik abiatuta, bestelako antolamendu irizpideak ere zehaztu direla esan du udalak. "Hala nola, Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aurreikusitako zehaztapenetara egokitzen den antolamendua diseinatzea; eraikuntza tipologien aukera bat aurreikustea, bai pabiloi modularrak eraikitzeko, bai tamaina ertain edo handiko enpresa industrialak ezartzeko; barneko bide sare sinplea diseinatzea zerbitzu sareak kontzentratu ahal izateko; urbanizazio kostuak gutxitu eta arrazionalizatzea, ingurumena berreskuratzeko ekintzak aurreikustea eta eremuan dauden bi erreken ertzetako landareri potentziala bertako espezieekin lehengoratzea".

Larrin datutan

Larrin eremuak 210.210 metro koadroko azalera du, eta hasierako bideragarritasunaren azterlanak lau partzela handi urbanizatzeko proiektua aurreikusten du, 15.072 metro koadrotik 49.800 metro koadrora bitartekoak izango liratekeenak. Guztira 107.409 metro koadro bideratuko lirateke industria jardueretara.

Oinplanoko gehieneko okupazioaren azalera 64.445 metro koadrokoa izango litzateke eta solairuarteko aprobetxamendua %25ekoa, hau da, 16.111 metro koadrokoa. Industrialdea eraikitzeak 20 milioi euro inguruko inbertsioa izatea aurreikusten dute. Udalaren esanetan, "tokiko garapen ekonomikoarekin eta lurralde ikuspegiarekin bat datozen helburuak lortzeko lankidetza eta konpromiso publikoaren adibidea da Larrin, eta industria berriaren benetako beharrei erantzuteko enpresa inguruneak zabaltzen, garatzen eta modernizatzen lagunduko duela".

Larringo planoa. (Azpeitiko Udala)