Aterpean ospatu dute Umeen Eguna Aratzerrekan

Mailo Oiarzabal 2023ko mai. 13a, 20:01

Aitzurrarekin soroan altxor bilaketarik ez, baina jolasak egin dituzte pilotalekuan, eta Julen Magoak elizan egin du emanaldia.

Atzo auzo afariarekin eta trikitilariekin ondo hornitutako gauarekin hasi ondoren, gaur Umeen Eguna izan dute Aratzerrekako sanisidroetan.

Jaietan umeei eskainitako tartearen ikur bihurtu den soroko eta aitzurdun altxor bilaketarik ez dute egin aurten, azken egun eta orduetako euriak tarteko, baina lokotx biltzen, txinga eroaten, zaku lasterketarekin eta abarrekin ondo baino hobeto pasatzeko aukera izan dute pilotalekuan arratsaldean Aratzerrekara joan diren umeek.

Jolasen ondoren frontoian bertan antolatzaileek prestatutako merienda ederraz gozatu, eta aterpetik aterpera, elizan izan dute hurrengo hitzordua, han eskaini baitu emanaldia Julen Magoak.

Bihar atseden hartu, eta astelehenean, San Isidro egunarekin, itzuliko dira ospakizunak Aratzerrekara, egitarau honekin:

  • 11:30. Suziriak.
  • 12:00. Meza nagusia.
  • 14:00. Bazkaria, Gariye eta Lanberri trikitilariekin.
  • 18:00. Pilota partidak.
  • 20:00. Atxurraren jaitsiera.