Musikak lotutako familiak igo dira Sanagustingo oholtza txikira

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 18a, 10:25

Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurrenaren barruan, Kontzertua familian emanaldia egin zuten atzo arratsaldean Sanagustinen. Sei familiak parte hartu zuten atzokoan, eta dozenaka herritar bertaratu ziren emanaldiaz gozatzera.

Gurasoak, anai-arrebak, bikoteak, lehengusuak, bizikideak... Familia eta harreman mota desberdinak, talde txikiak zein jendetsuak, eta multzo horietako kide bakoitza musika tresna bat eskuetan. Osagai horiek guztiak eta gehiago izan zituen atzo arratsaldeko Kontzertua familian emanaldi bereziak.

Juan Antxietakoek antolatuta, musika eskolaren 40. urteurreneko ekitaldien barruan eskaini zuten saioa Sanagustin kulturgunean. Guztira, sei talde igaro ziren Sanagustingo arkupeko oholtza txikira, guztiak elkarren arteko familia edo komunitate kidetasunen bat zutenak. Joan den martxoaren 29an egin zuten gisa bereko aurreneko emanaldia.