Xabi Solano: "Betiko Esne Beltza, eta aldi berean, desberdina ikusiko dute"

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 18a, 13:52
Xabi Solano, joan den astean Urduñan (Bizkaia) Esne Beltzak eman zuen kontzertuan. (Gaizka Peñafiel)

Larunbatean, Etxera Egunean, Sanagustingo oholtzara igoko da Esne Beltza taldea. Xabi Solanok (Hernani, Gipuzkoa, 1978) alboan izango du Lova Lois, taldeko abeslari berria.

Larunbatean Etxera Eguna ospatuko dute Azpeitian Sarek antolatuta, eta Esne Beltza taldeak kontzertua emango du Sanagustin kulturgunean, 22:00etan hasita. Sarrera doakoa izango da.

Azkenekoz noiz jo zenuten Azpeitian, eta zer moduzko oroitzapenak dituzu?

Esne Beltzarekin herriko jaietan izan nintzen, duela urte batzuk; neu bakarrik, berriz, duela pare bat urte edo, Soreasu antzokian. Ederki pasatu izanaren oroitzapenak dauzkat, eta larunbaterako ere oso gogotsu gaude.

Hilabete batzuez agertokietatik kanpo ibili eta gero, duela pare bat hilabete ekin zenieten berriro ere zuzenekoei. Zer moduzko itzulera izaten ari da?

Izugarria, jendetza etorri da kontzertu guztietara; ematen du jendea festarako gogoz dagoela.

Ezkutuan egon zareten hilabeteetan disko berria prestatzen jardun duzue, Esne Beltzaren zortzigarrena. Zer moduz doaz lanak?

Buru-belarri gabiltza, Durangoko Azokarako diskoa prest izatea nahi baitugu. Oraindik denbora asko falta dela ematen du, baina ia udan gaude, eta behin uda pasatuta, berehala izaten da Durangoko Azoka. Gainera, dezenteko lanak hartzen ari gara diskoarekin; esango nuke orain arte egin dugun diskorik zailena izaten ari dela. Dena dela, emaitzak mereziko duelakoan gaude.

Zer dela eta, bada, horrenbeste zailtasun?

Los Angelesko [AEB] ekoizle batekin ari gara diskoa grabatzen, Rafa Sardinarekin. Beno, izatez bermeotarra da [Bizkaia], baina han bizi da aspalditik. Oso ona da berean, nazioarteko artista entzutetsu askorekin lan egindakoa da, eta sari pila bat irabazitakoa ere bai, baina bera han eta gu hemen egoteak erraztu ez ditu egiten gauzak. Horretaz aparte, musika estilo desberdinetako abestiak nahasten ari gara diskoan, eta abesti horien jatorrira joaten, jatorrizko herrialdeetara, euskara beste hizkuntzekin nahasten eta abar. Kantu bakoitza mundu bat da, eta izugarrizko esperientzia izaten ari da.

Beti izan zarete estiloak eta hizkuntzak nahastekoak; oraingoan, are gehiago?

Orain egiten ari garena orain arte egin duguna baino pixka bat sakonagoa dela esango nuke.

Etziko kontzertura doazenek disko berriko abestirik entzuteko aukerarik izango al dute?

Zuzenekoetan abesti berriren bat edo beste jotzen ari gara, jendeak nola erantzuten duen ikusteko eta. Baina baditugu berritasun gehiago ere; esate baterako, abeslari berria daukagu taldean: Lova Lois. Kontzertu gutxi batzuk eman ditu gurekin, baina oso-oso gustura gaude berarekin, egundoko indarra eman digu. Gainera, emakume bat taldean izatea handia da guretzat, beti gizonak egon baikara; pandemia garaian bira txiki bat egin genuen Amak taldearekin, baina gutxi gehiago. Alde horretatik, oso-oso kontentu gaude.

Elkarrekin ondo konektatzea ez da beti gertatuko...

Guk urte asko daramatzagu elkarrekin, eta bagenuen nolabaiteko kezka, pentsatzen genuelako agian berarentzat zaila izan zitekeela gure tartera sartzea, baina, egia esan, oso ondo egokitu da taldera; ematen du urteak daramatzala gurekin.

Jendeari gustatu al zaizkio disko berriko lehen zertzeladak?

Bai, pila bat; sare sozialen bidez askok idatzi digute argitaratu dugun kantaren hitzak eskatzeko eta. Jendeari buruan gelditu zaiola ematen du.

Zer esango zenieke kontzertura joan edo ez zalantzan dabiltzanei?

Etortzeko, oso ondo pasatuko dutelako. Betiko Esne Beltza, baina aldi berean, Esne Beltza desberdin bat ikusiko dute, eta nik uste dut merezi duela.