Xabat Mantzisidorrentzat eta Ane Miren Bastarrikarentzat izan da I. Etxera Krosa

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 20a, 13:47

Azpeitiko Sarek antolatuta, lehendabiziko Etxera Eguna ospatzen ari dira gaur, eta egitarauari krosarekin eman diote hasiera. 130 bat lagunek parte hartu dute proban eta giro ederra izan da nagusi.

Euskal presoei etxerako bidean oztoporik ez diezaietela jarri aldarrikatzeko, lehendabiziko Etxera Eguna ospatzen ari dira gaur Azpeitian, Sarek antolatuta. Egitarauari I. Etxera Krosarekin eman diote hasiera, eta giro bikaina sortu da probaren bueltan. 12:00ak puntuan abiatu dira 130 parte hartzaileak herriko plazan behera korrika eta 5,6 kilometroko ibilbidea eginda, toki berean helmugaratu dira. 

Gizonezkoetan azkarrena Xabat Mantzisidor izan da, bigarrena Aritz Iturzaeta eta hirugarrena Josu Aizpuru. Emakumeetan, berriz, Ane Miren Bastarrikak izan da aurrena, Eneritz Oiarzabal bigarrena eta Saioa Alberdi hirugarrena. Helmugara iristen azkena izan den Gorka Artolari, ardo botila bat eta txuleta bat eman dizkiote opari, eta parte hartzaileen artean egin duten zozketako sariduna, Naiara Arrizabalaga izan da; hark Elikaguneko otarrea eraman du etxera.

Krosarekin, hasiera besterik ez diote eman gaurko egitarauari. Hona hemen gaurko egitaraua:

  • 14:30. Bazkaria, Azoka Plazan.
    • Jarraian, Joxe Aldasororen bakarrizketa, eta umeentzat Amaia Elizagoien ipuin kontalaria.
  • 18:00. Mosaikoa, plazan.
  • 19:00. Elektrotxaranga lehiaketa.
  • 22:00. Esne Beltza taldearen kontzertua eta DJ Elepunto, Sanagustinen. Sarrera doan.