Elektrokela eta Skapaie, elektrotxaranga lehiaketaren hirugarren jardunaldian

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 21a, 10:41

Altsasuarrek plazatik Etxe Zurira arteko bidea egin zuten; eta azpeitiarrek, alderantzizkoa. Jendetza batu zuten biek ala biek.

Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketa badoa aurrera. Hirugarren jardunaldia izan zen atzokoa, eta Altsasuko (Nafarroa) Elektrokela eta Azpeitiko Skapaie taldeak izan ziren zapatu arratsalde-iluntzea girotzeaz arduratu zirenak. Altsasuarrek, 19:00etan hasita, plazatik Etxe Zurira arteko bidea egin zuten; eta azpeitiarrek, 20:30ak aldera hasita, alderantzizkoa. Jendetza batu zuten biek ala biek.

Maiatzaren 6an Zumaiako Hamarrurekin estreinatu zuten lehiaketaren bigarren edizioa, eta joan den zapatuan, bigarren jardunaldian, Getariako Elektrotxorongo eta Elektrotxufla, iazko irabazleak, ibili ziren kalez kale beren musika eta ikuskizuna eskaintzen.

Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta Azpeitiko Udalak antolatutako Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketaren laugarren eta azken jardunaldia datorren zapatukoa izango da, eta Distopia eta OstiKda izango dira parte hartuko duten taldeak.