Zabalik dago alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea

Julene Frantzesena 2023ko mai. 22a, 14:35

Gazteek ez ezik, mugikortasun urria duten herritarrek, banandutakoek edo dibortziatutakoek, 70 urtetik gorakoek eta alargunek urriaren 15era arte egin ahal izango dituzte eskaerak. Dirulaguntzak eskatzen dituztenen alokairuaren errentak hilero 650 euro baino gutxiagokoa izan behar du.

Azpeitiko Udalak dagoeneko zabaldu du etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea. Horrenbestez, gazteek ez ezik, mugikortasun urria duten herritarrek, banandutakoek edo dibortziatutakoek, 70 urtetik gorakoek eta alargunek urriaren 15era arte egin ahal izango dituzte eskaerak.

Gazteen kasuan, ezinbestekoa izango da Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programan laguntza eskaera eginda izatea; izan ere, laguntza horren ezaugarria da udalaren laguntza. Gaztelaguneko izapideak ahal bezain azkar egitea gomendatzen die udalak alokairuan bizi diren herritarrei.

Dirulaguntzak eskatzen dituztenen alokairuaren errentak hilero 650 euro baino gutxiagokoa izan behar du. Hori horrela, honako hauek dira Udalak eskainiko dituen laguntzak:

  • Alokairua ordaintzeko, gehienez, 350 euro emango ditu udalak, eskaera bakoitzeko.
  • Alde Zaharra biziberritzeko prozesuaren barruan, gune horretan alokairuan bizi direnek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute. Beraz, Alde Zaharrean etxea alokatuz gero, gehienez, 400 euroko languntza izango dute herritarrek.
  • Laguntza hamabi hilabetekoa izango da.

Eskatzaileei emango zaien diru kopurua eskaera egin duen pertsonaren diru sarreren araberakoa izango da. Honako irizpide hauei jarraituko die udalak eskaera egin dutenei dirulaguntzak banatzerakoan: 

  • 0 euro eta 15.000 euro artean: alokairuaren %60 ordainduko zaio.
  • 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %50 ordainduko zaio.
  • 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %45 ordainduko zaio.
  • 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %35 ordainduko zaio

Informazio gehiago, honako lotura honetan.