2023ko udal eta foru hauteskundeak

Jesus Goenaga: "Taldea egitea erabaki dugu, gauzak aldatzeko gogoa daukagulako"

Maialen Etxaniz eta Aitziber Arzallus 2023ko mai. 24a, 09:00

Elkarrekin Podemosek maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztu duen zerrendako bigarrena eta lehenengo azpeitiarra da Jesus Goenaga (Azpeitia, 1965). Koalizioak herrirako dituen proiektuen berri eman du.

Aurrez politikagintzan ibili gabekoa zara. Nolatan erabaki duzu urratsa egitea?

Denbora da Podemosekin harremanetan hasi nintzela: korreo elektronikoz hitz egiten genuen, beraien aldizkariak irakurtzen nituen… Azpeitian, politika mailan, bipartidismoa nagusitu izan da beti, EAJ-EH Bildu edo EH Bildu-EAJ, beti izan da zirkulu itxi bat, hortik inork ez du irten. Orain dela gutxi proposatu ziguten Azpeitian zerrenda bat osatzea, eta erabaki dugu pausoa ematea. Oraingoz, ez gara asko, baina taldean gogo handia dago. Oraindik ez dugu asko elkar ezagutzen, Azpeitian Elkarrekin Podemosek taldea osatzen duen lehen aldia baita, eta gertatzen da beti gertatzen dena: jendea ezkutuan egoten dela, zeozer sortu arte, eta zeozer sortzen denean, orduan azaltzen da jendea. Horregatik eman dugu pausoa, gauzak aldatzeko gogoa daukagulako, udalean lan egiteko era aldatzeko eta bipartidismoa bukatzeko.

Zer moduzko taldea osatu duzue?

Zerrendako kideak gustura daude eta herriaren alde lan egiteko prest. Modu publikoan lan egin nahi dugu; hori da gure lehen araua, egingo dugun guztia publikoa izango dela. Hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak… dena publikoa izatea nahi dugu. Adibidez, ikastola beti publikoa izan da eta orain azaldu dira ikastetxe kontzertatuak, ez kontzertatuak eta abar. Zergatik? Ikastolak izan behar du gurea, denona, euskalduna; nik hori pentsatzen dut. Gizarte zerbitzuak, Osakidetza, udaleko gauzak… Udalak jendearentzat lan egin behar du, eta guk udalarentzat. Horregatik aurkeztu gara.

Zerrendako bigarrena zara zu, eta lehendabiziko azpeitiarra. Ez duzu alkategai aurkeztu nahi izan?

Elkarrekin Podemosen taldean gauden azpeitiarretako inor ez genbiltzan aurrez politikan, eta aurrez politikan zebilen norbait behar genuen gure eta Elkarrekin Podemosen arteko zubi lana egiteko. Gainera, jakitun gara oraingo hauteskundeetan ez daukagula sekulako indarrez sartzerik; berez, gure asmoa zen hemendik lau urtera egitea hori. Baina taldekideak horren gogotsu eta indartsu ikusi ditugunez, aurrera egitea erabaki dugu. Jendeak jakin dezala Elkarrekin Podemos ere aukera bat dela, eta, gainera, Elkarrekin Podemosen barruan alderdi asko daude: Ezker Anitza, Equo, Aliantza Berdea… Askotariko koalizio bat gara, eta azpeitiarrei erakutsi nahi diegu aukera hori ere badutela. Jende asko ezkutuan egongo da, ikusi arte beste aukera bat badela, eta nik uste dut behin aukera hori herriaren aurrean aurkeztuta, jendeak joko duela gugana. Jendeak aldaketa nahi badu, hemen gaude gu.

Datozen lau urteetara begira, zer lehentasun dituzue Azpeitirako?

Guk nahi duguna da dena publikoa izan dadila. Ni Sanjuandegin bizi naiz, Salbe auzunean, eta gehienbat inguru hori ezagutzen dut. Esate baterako, faltan sumatzen dut goizetan, 08:30etik 09:00etara bitartean, udaltzain bat hango zebrabidean, mugimendu handia egoten baita. Beste eskaera bat komun publikoena litzateke. Kalean badaude, Sanjuandegin ez, eta hori ez diot Sanjuandegiko herritarrengatik bakarrik. Izan ere, Sanjuandegin jende asko ibiltzen da; kaletik zerbait hartzera joaten diren herritarrak, Loiola aldera pasieran dozenak... Lehengo batean ohartu nintzen igerilekuan karteltxo bat jarri dutela 'Komun publikoak' dioena, eta harrituta gelditu nintzen. Ondo dago, baina igande arratsalde batean zer? Edo adibidez, ni goiztarra naiz, eta goizean goiz buelta bat ematera joaten bazara, Loiolan komunak badaude, baina segun eta zer ordutan, itxita egoten dira haiek ere. Gero, Sanjuandegin oraindik badaude gune batzuk urbanizatu gabeak, eta ez dakit zergatik izan daitekeen hori. Lehengo batean joan nintzen Esklabak ingurua ikustera, eta zoragarria iruditu zitzaidan han egin duten lana, zeharo polita gelditu da. Oraindik etxebizitza gehiago egitea falta da, baina jartzen duzu parke bat, jartzen duzu iturri bat, eta umeentzako toki zoragarria da. Baina Sanjuandegin gauza batzuk faltan sumatzen ditut. Gero jarri dituzte gune batzuk konposta egiteko kalean, eta bakarrik ikusten direna da, gaizki esanda, euli zaharrak. Udalak etxeetara bidaltzen duen informazioa, berriz, euskara hutsean jasotzen dugu. Zergatik ez erdaraz? Sanjuandegin bietara hitz egiten da, baina batez ere erdaraz, eta jendeak hori faltan sumatzen du. Gauza gehiago ere egongo dira, baina orain horiexek etortzen zaizkit burura. Sanjuandegi ere toki polita jarri dute, bidegorria-eta egin dituzte, baina oraindik gauzak falta dira: komunak, zebrabidean udaltzaingoa goizeko ordu horietan... Eta gure proposamen guztiak publikoak izango dira; herriak parte har dezala, eta guk herriarentzat egingo dugu lan; herriak eskatzen duena egin dadila. Nik orain egin ditudan proposamenak gogora etorri zaizkidanak dira, baina pila bat egon daitezke. Izan ere, udaletxean egin izan diren bileretan, ez dut uste Sanjuandegiko herritarrik egon denik; herriko jendea joango zen. Neuk orain arte behin parte hartu dut udaletxean egin diren bileretan, eta hori izan zen igerileku ondoan zubi berria egin zutenean autobus geltokia kendu nahi izan zigutelako, Esklabetan jartzeko. Neu izan nintzen borrokara joan zen lehena, eskubiderik ez zegoelako. Era horretara jokatu nahi dugu, herriaren alde, eta herriak guri esan diezagula zer nahi duen; komunikazio hori. Baina ez herrigunea bakarrik hartuta Azpeititzat, Sanjuandegi ere hor dago.

Hauteskunde egunari begira jarrita, zer kiniela egiten duzu? Zer emaitza espero dituzu?

Kinielarik ez dut egiten. Lehen esan dudan bezala, guk nahi duguna da azaltzea herriari alderdi bat dagoela, beste indar bat ere badagoela herrian, eta udalean lan egiteko prest gaudela eta jendearentzat lan egiteko prest gaudela. Ni ez noa esatera bost, zazpi, zortzi edo zinegotzi bat aterako dugun; nahi dut Azpeitiko jendeari agertzea talde bat dagoela berria; Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza, Aliantza Berdea eta Equoren koalizioa; eta nahi dutenean etor daitezela gugana.

Azpeitiarrek zergatik eman behar liokete botoa Elkarrekin Podemosi?

Azpeitiko udalean bipartidismoa egon da beti; aldaketa bat nahi badugu, beste iritzi batzuk, beste ikuspuntu batzuk, publikotasuna, guri bozkatu. Zuen laguntza behar dugu aurrera joateko, eta udala ez dadila ghetto bat bihurtu, baizik eta izan dadila irekia denontzat.

Zinegotzirik lortuko ez bazenute ere, lanean jarraitzeko prest al zaudete?

Bai, noski; lanean jarraituko dugu. Ahal dugunean lokaltxo bat hartuko dugu, geure bilerak egingo ditugu, eta aurrera segiko dugu. Esperientzia badaukagu Irunen eta Errenterian, bi leku horietako jendea gustura dago, eta guk ere aurrera jotzeko gogoa daukagu. Denon artean, ez EAJ, ez EH Bildu; denon artean egin behar dugu aurrera.