Erresistentzia Kutxaren aldeko bertso saioa izango da ostiralean Azpeitiko Gaztetxean

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 24a, 10:38
Txaber Altube bertsolaria kantuan, Gaztetxean jokatutako Erniarraitz txapelketaren finalean. (Maialen Etxaniz)

Defentsa Komunitatearen Erresistentzia Kutxaren aldeko saioa izango da. Unai Izagirre Attola, Txaber Altube, Aroa Arrizubieta eta Maddi Agirre arituko dira kantuan 22:00etan hasita. 

Azpeitiko Gaztetxeak proiekzioa eta bertso saioa antolatu ditu ostiralerako. Hain zuzen, Defentsa Komunitatearen Erresistentzia Kutxaren aldeko egitaraua da prestatu dutena. Borroka prozesu desberdinetan sortzen diren gastuei aurre egiteko tresna da Defentsa Komunitatearen erresistentzia kutxa, besteak beste, identifikazioei, isunei eta espazioen itxierei aurre egiteko. 

17:00etan Estrategia a debate saioaren laugarren atalaren proiekzioa eskainiko dute. Bertan, "polizia indarren jardun autoritarioa" izango dute aztergai. Gauean, aldiz, bertso saioa izango da. Gaztetxeko kide bat arituko da gai-jartzaile lanetan, eta oholtzara igoko dira Unai Izagirre Attola, Txaber Altube, Aroa Arrizubieta eta Maddi Agirre bertsolariak. Saioa 22:00etan hasiko da, eta sarrera bost euro ordaindu beharko da.