3x3 eta triple txapelketak antolatu ditu Kontseilu Sozialistak ekainaren 10erako

Aitziber Arzallus 2023ko mai. 26a, 10:00
Joan den urrian antolatu zuten 3x3 txapelketa, Esklabetako Zentro Sozialistaren laugarren urteurrena ospatzeko.(Maialen Etxaniz)

3x3 txapelketan parte hartu nahi dutenek ekainaren 5a baino lehen eman beharko dute izena Azpeitiko Haginpe edo Da tabernetan, Azkoitiko Dean tabernan edo saskitxapelketa@gmail.com helbidera idatzita.

Kontseilu Sozialistak 3x3 eta triple txapelketak antolatu ditu ekainaren 10erako, eta dagoeneko zabaldu du 3x3 txapelketan parte hartzeko izen ematea. Gutxienez hiru laguneko eta gehienez bosteko taldea osatu beharko dute parte hartu nahi dutenek, eta ekainaren 5a baino lehen izena eman Azpeitiko Haginpe edo Da tabernetan, Azkoitiko Dean tabernan edo saskitxapelketa@gmail.com helbidera idatzita.

Izena ematerakoan taldearen izena eta kontakturako telefono zenbaki bat adierazi beharko dira, eta 20 euro ordaindu, izen emate puntuan bertan edo 688 76 90 46 zenbakian Bizum bidez. 20 euro horiekin, txapelketan parte hartzeko eskubideaz gainera, bazkarirako hiru txartel eskuratuko dituzte parte hartzaileek. Partidak herriko plazan izango dira, 09:30ean hasita; jokalariek, ordea, 09:00etarako azaldu beharko dute.

Triple txapelketan parte hartu nahi dutenek, berriz, ez dute aurrez izena eman beharrik izango. 3x3 txapelketa jokatzen ari diren bitartean, partidatik partidarako hutsarteetan, jokatuko dute triple txapelketa, eta parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena.

Bi txapelketak bukatuta, 3x3 All Stars ikuskizuna izango da plazan bertan.

Behin plazakoak bukatuta, bazkaria egingo dute Esklabak Zentro Sozialistan, eta bazkalostean egingo dute sari banaketa. Bazkarirako txartelak ere Azpeitiko Haginpe eta Da tabernetan eta Azkoitiko Dean tabernan jarriko dituzte salgai, langabeentzat hamar euroan, eta landunentzat hamabostean.