'Ia dena: adimen artifiziala sorkuntzan' jardunaldia antolatu dute ekainaren 17rako

Nerea Uranga 2023ko mai. 26a, 16:24

Kulturaz kooperatibaren Ia dena egitasmoak CAF-Elhuyar sarien Zientzia Gizartean sorkuntza beka eskuratu zuen. Horren barruan, ekainaren 17an Ia dena: adimen artizifiala sorkuntzan jardunaldia antolatu dute ekainaren 17rako. Goizean, Dimanoa sormen gunean egingo duten jardunaldirako sarrera doan da, baina aurrez izena eman beharko da. Arratsaldean, berriz, Soreasu antzokian jarraituko dute ekintzek, eta sarrera doan eta librea izango da.

Ia dena: adimen artifiziala sorkuntzan egun guztirako jardunaldia antolatu du ekainaren 17rako Kulturaz kooperatibak. CAF-Elhuyar sarien Zientzia Gizartean sorkuntza beka eskuratu zuen Kulturazen Ia dena proiektuak, eta horren barruan antolatu dute jardunaldia.

Egun osoko jardunaldiak izango dira, eta goiz partean Dinamoa sormen gunean egingo dituzte hitzaldiak eta mahai ingurua. Arratsaldean, berriz, Soreasu antzokian film emanaldiak eta hitzaldiak izango dira. Jardunaldiko goizeko saiorako sarrera doan da, baina aurrez izena eman behar da. Arratsaldean, Soreasu antzokian izango diren proiekzioetarako sarrera librea izango da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jardunaldien helburu nagusiena "adimen artifizialaz tutik jakin gabe ere" jakin-min pixka bat duten edozeinentzako izatea da: "Geuregandik hasita, jakina", adierazi dute. "Datorkigun munduaz, edo jada hemen daukagunaz batera pentsatzea da nahi duguna, elkarri entzutea, adi entzutea, gure adimena esna mantentzeko, artifizialak gure lanak egingo dituela pentsatu beharrean", esan dute Ia dena: adimen artifiziala sorkuntzan jardunaldia prestatu dutenek. Azken batean, adimen artifizialari buruz hausnartzea eta hitz egitea da nahi dutena. Horretarako, arlo desberdinetan lanean ari eta arituak direnak gonbidatu dituzte jardunaldietako saioetara.

Egitaraua:

Dinamoa Sormen Gunean

  • 10:00. Aurkezpena. Kulturaz kooperatiba.
  • 10:15. Adimen artifizial sortzailea: guztia aldatu berdin jarraitzeko?, Josu Aztiria (Orai-Elhuyar Fundazioa).
  • 10:45. Datu meatzaritza, sormena eta aplikazioak, Rosa Basagoiti (Mondragon Unibertsitatea).
  • 11:15. Adimen artifizialaren argilunak jardun artistikotik, Martin Etxauri Txo!? (Artista).
  • 11:45. Atsedenaldia.
  • 12:00. Mahai ingurua: Adimen artifizialaren ertzak. Parte hartzaileak: Irati Berasategi (Fisikan gradua. Filosofia, Zientziak eta Balioak masterra), Inigo Martinez Peña (Filosofian lizentziaduna. Batxilergoko irakaslea), Aitzpea Leizaola (Antropologiako irakaslea EHUn) eta Gorka Azkune (Informatikaria. EHUko irakaslea eta ikertzailea). Moderatzailea: Kulturaz kooperatiba izango da.
  • Jon Sanchezek (New Media ikertzailea eta sortzaileak) CAF-Elhuyar Sorkuntza beka jaso duen Semiosi-genesi proiektua jarriko du abian.

Soreasu antzokian

  • 17:00. Androideak eta ardi elektrikoak: adimen artifiziala film eta telesailetan, Gaizka Izagirre (zinema kritikaria).      
  • 17:30. Bera (Her) filmaren emanaldia, euskarazko azpitituluekin.
  • 19:30. Amaiera.