Hiru eguneko egitarau oparoa antolatu dute Izarraitz skate parkearen lehen urteurrena ospatzeko

Maialen Etxaniz 2023ko mai. 27a, 12:53
Iaz Izarraitz skate parkearen irekiera festan egindako ikuskizuneko irudia. (Maialen Etxaniz)

Ekainaren 9tik 11ra askotariko ekintzak izango dira Izarraitz skate parkean eta inguruko zelaietan. YK Ridersek eta Arauntza Ridersek antolatu dute egitaraua. Besteak beste, skate ikastaroak, kontzertuak, bazkari-afariak, kamisetak margotzeko tailerra eta Euskal Herriko skate txapelketa antolatu dituzte skate parkearen lehen urteurrena ospatzeko. Txapelketan izena emateko epea irekita dago. 

Ekainean urte bat beteko du Izarraitz skate parkeak, eta hori ospatzeko egitarau oparoa antolatu dute YK Ridersek eta Arauntza Ridersek Azpeitiko Udalaren laguntzaz. Azken urtean bizi-bizirik egon da skate parkea, eta urtemuga festa giroan ospatzeko askotariko ekintzak antolatu dituzte ekainaren 9rako, 10erako eta 11rako. 

Ostiralez, ekainaren 9an, hasiko dira antolatutako ekintzak. Egun horretan, 16:00etatik 20:00etara librean aritzeko aukera izango dute zaleek, YK Riders freesession-a antolatu baitute. Dena den, ez da kirolerako aukera soilik egongo. 17:30ean Iago magok ikuskizuna eskainiko du eta 21:00etan kontzertuak izango dira. Hain zuzen, Azkoitiko CheckBoyz hip hop taldea eta Azpeitiko Hit Bound reggae taldea arituko dira gaua musikaz girotzen.

Larunbatean jarraituko dute egitarauarekin. Goizean zehar hainbat ikastaro eskainiko dituzte 09:00tatik aurrera. Alde batetik, kirol ikastaroak izango dira skate parkean, Ipar surf eta skate eskolak eskainita. Horiek 09:00etatik 14:00etara eskainiko dituzte saioak. Era berean, 10:00etan hasita, grafiti eta kamisetak margotzen ikasteko tailerrak egingo dituzte. Kamisetak tindatzeko ikastaroan parte hartu nahi dutenek etxetik eraman beharko dute kamiseta. Ondoren, 14:30ean, bazkaria egingo dute Esklaben atarian, eta bazkalostean kontzertu akustikoa eskainiko dute Meryk eta Kustok. Bazkarirako txartelak salgai daude DA, Haginpe eta Dean tabernetan. Landunek 15 euro ordaindu beharko dute txartela, eta langabeek 10 euro. 

16:00etatik aurrera Jam Sessionak girotuko du parkea, eta gaua borobiltzeko parrillada eta kontzertuak antolatu dituzte. 20:00etan hasiko da parrillada, eta 21:00etan kontzertuak. Azpeitiko Leherkaitz eta Zumaiako Hoben izango dira zuzenekoak esainiko dituzten taldeak. Egun osoan zehar YK Riders taldearen denda eta taberna izango dira skate parkearen ondoko belardian, eta musikarik ere ez da faltako. 

Euskal Herriko skate txapelketa

Iganderako, ekainaren 11rako, berrikuntza bat prestatu dute antolatzaileek. Hain zuzen, Azpeitiko Euskal Herriko lehen skate txapelketa egingo dute egun horretan, eta bertan parte hartzeko izen-ematea irekita dago jada. 

Bi mailatan jokatuko dute sariketa. Alde batetik, street eta bowld modalitatean 10 eta 12 urtez azpikoen sariketa jokatuko dute. Bestetik, street modalitatean 16 urtez azpikoen txapelketa eta sariketa librea jokatuko dituzte. 

Open eta Sub16 sariketan parte hartu nahi dutenek lizentzia federatua izan beharko dute, eta Espainiako Txapelketarako sarbidea izango dute. Aldiz, 12 eta 10 urtez azpikoen sariketan parte hartzeko Euskadiko Lizentzia Eskolarra beharko da, eta ez dute izango Espainiako Txapelketarako sarbiderik. 

Txapelketetan izena emateko epea irekita dago, eta horretarako azken eguna ekainaren 4a izango da. Parte hartu nahi dutenek 20 euro ordaindu beharko dute, eta mezu bat bidali beharko dute skateboard@fvpatinaje.eus helbidera. Ordainketa egiteko kontu korronte zenbakia honako hau da: ES29 2080 3638 2430 40000 7739.

Erlazionatuak