Giro bikainean ari dira Pazko Jaiak ospatzen Aizarnan

Julene Frantzesena 2023ko mai. 27a, 13:03

Goizean artisauak eta haurrak izan dira protagonista. Eguerdirako prestaketetan ere ibili dira hainbat lagun; txekorra erretzen ez ezik, oilasko pintxoak prestatzen ere jardun dute. Arratsaldean Bardo taldearen ikuskizunaz gozatu ahal izango dute herritarrek.

Pazko Jaietan murgilduta dira goizaz geroztik Aizarnako herritarrak. Eguraldia lagun, goizetik festa giroa da nagusi han, eta egun guztian zehar ere ez da jai giro horri eusteko ekintzarik faltako. Usadioari jarraituz, gainera, eguna hastearekin, baserritarrez jantzita atera dira kalera hainbat herritar.

Goizean artisauak eta haurrak izan dira protagonista. Izan ere, askotariko produktuak eskuragarri jarri dituzte hainbat artisauk plazan. Gainera, haurrek margoketarako nahiz eskulanetarako tartea izan dute, baita mokadua egitekoa ere. Eguerdirako prestaketetan ere ibili dira hainbat lagun; txekorra erretzen ez ezik, oilasko pintxoak prestatzen ere jardun dute.

Eguerdian, berriz, herriko dantzarien emanaldia izango da trikitilariek lagunduta, eta jan-edanerako tartea ere izango dute herritarrek. Izan ere, txekor pintxoak eta sagardoa dastatu ahal izango dituzte horiek. Arratsaldean, berriz, 18:00etan hasita, Bardo konpainiaren ikuskizuna izango da. Horrez gain, egun osoan zehar, aterkia gai hartuta herritarrek osatu duten erakusketa ikusgai egongo da Anbu ondoko zelaian.