Frantziskanetako eliza beteta eman dute Antxietaren bosgarren mendeurreneko kontzertua

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 19a, 10:00

Vandalia, Euskeria, Julian Barrenetxea, Azketa eta Azpeitiko Parrokiko ahots talde eta abesbatzen emanaldiak ikusmina piztu zuen musikazaleen artean.

Joanes Antxieta musikariaren bosgarren mendeurrena dela-eta urtean zehar barreiatzen ari diren ekitaldien azkenaurreko alea bizitzeko aukera izan zen atzo arratsean Frantziskanen komentuko elizan.

V. mendeurren kontzertua (1523-2023): Joanes Antxieta, Francisco de Peñalosa eta Juan de Urrede izenarekin, Antxietaren omenezko kontzertu nagusia izan zen atzokoa, eta ikusmina piztu zuen hitzorduak. Izan ere, Frantziskanetako eliza entzulez bete-bete eginda zela eskaini zuten kontzertua Vandalia, Euskeria, Julian Barrenetxea, Azketa eta Azpeitiko Parrokiko ahots talde eta abesbatzek.

Azpeitiko hiru koruek eta Bilbokoak egin zieten harrera eserlekuak bete zituzten ikusleei; elizako aldamenetako bi korridoreetan kokatu ziren kontzertuari ekiteko, Urko Sangronizek aldarearen barrenetik zuzentzen zituela. Vandalia laukotearen ahotsak izan ziren emanaldiaren ardatza; elizako koruan ekin zioten haiek beren lanari, handik aldare nagusira jaitsi aurretik. Batzuekin eta besteekin, Berpizkunde garaiko hiru musikariek sortutako eliz musikaz gozatu zuten kontzertura joandakoek.