Askotariko ekintzak antolatu dituzte Azpeitiko Gaztetxean datozen egunetarako

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 19a, 12:20
'Hoi denk zirkue' ikuskizuneko artxiboko irudia. (Azpeitiko Gaztetxea)

San Tomas egunez karroa aterako dute kalera. Abenduaren 23an Ezpalaken eta Rodeoren kontzertuak izango dira. Rodeok denboraldi baterako hartuko duen etenaren aurreko azken emanaldia izango da. Abenduaren 28an Ekialde Hurbilean jazotzen ari denaren inguruko hitzaldia eskainiko dute, eta hilaren 29an magia tailerra nahiz zirku emanaldia izango dira Gaztetxean. 

Ohi bezala, Azpeitiko Gaztetxeko kideek hainbat ekintza antolatu dituzte abendurako. Aurten, musika, geopolitika eta zirkoa izango dira osagarri nagusiak. 

Urteroko ohiturei jarraituta, San Tomas egunean, Gaztetxeko orga aterako dute kalera, trikiti eta pandero doinuz lagunduta. 11:30etik aurrera ibiliko dira kalerik kale.

Abenduaren 23an kontzertuak izango dira Gaztetxean, 22:30etik aurrera. Urteko azken kontzertuak izango dira, eta izango dute berezitik; izan ere, Zestoako Rodeo musika taldeak aldi baterako geldialdia iragarri du, eta Azpeitiko Gaztetxean eskainiko duena izango da eskainiko duten azken kontzertua. Gainera, Zestoako Ezpalak taldearekin elkarbanatuko dute oholtza. Hain zuzen, Ezpalak eta Rodeo kontzertu bira egiten aritu dira elkarrekin, eta bira horren azkena izango da hilaren 23koa. Sarrera 5 euro ordaindu beharko da, eta Gaztetxeko sarreran jarriko dituzte eskuragarri egunean bertan. 

Hilaren 28an, geopolitika izango dute hizpide. Hain zuzen, Ekialde Hurbila: inperialismoa, erresistentziak eta posizio politikoak hitzaldia eskainiko du herriko gazte batek, 18:00etan hasita. Interesa duen edonor bertara daiteke. 

Hoi denk zirkue emanaldiak ere ez du hutsik egingo. Aurten, abenduaren 29an, ostiralez, egingo dute ikuskizuna. Giroan murgiltzeko, ordea, goizean zirku tailerra eskainiko du Iagomagok. Arratsaldean, eskainiko dute zirku emanaldia, eta dagoeneko itxita dute kartela. Aurreratu dutenez, Iagomagok gidatuko du saioa, eta oholtzara igoko dira Potx pailazoa, Julen magoa, Jone Muñecas akrobata eta Imanol malabarista. Zirku emanaldia 18:00etan hasiko da.