Usadioari jarraituz, Beizaman ere ospatu dute San Lorentzo eguna

Julene Frantzesena 2022ko abu. 11a, 10:22

Bi urteko etenaldiak ez du zapuztu beizamarren ohitura. Herritar ugari izan ziren San Lorentzo ermitako mezan, eta ondoren mokadutxoaz gozatzeko aukera izan zuten horiek.

Bi urteko etenaren ostean, San Lorentzo egunez usadioari eutsi diote berriro Beizaman. San Lorentzo ermitaren atarian herritar ugari elkartu ziren 19:00etarako, orduantxe kanpaia jota eman baitzioten hasiera mezari. Gainera, falta diren herritarrak gogoratu zituzten atzokoan.

Elizkizuna bukatuta, mokadutxoa egiteko aukera izan zuten herritarrek, Maritxu Arteagak ere ez baitio utzi jan-edana prestatzeko ohiturari –aurten ez dute afaria egin, baina tripa betetzeko parada izan zuten beizamarrek–. Herritarrak oso gustura aritu ziren ermitaren atarian solasean.

(Argazkiak: Igone Arruti)