Landa eremuko lursailak topografikoki mugatuko dituzte Beizaman

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 4a, 13:17

Proiektuaren helburuak dira mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea eta zuzentzea, eta mugarriei GPS koordenadak ematea. Beizamako 6., 7., 8. eta 11. poligonoetako landa eremuko lursailen jabe guztiei proiektua azaltzeko bilera egingo dute larunbatean, 12:00etan, Natur Eskolan.

Beizamako Udalak topografikoki mugatuko ditu landa eremuko lursailak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Sailak diruz lagunduta. Erakundeak Geograma enpresa kontratatu du herriko 6., 7., 8. eta 11. poligonoetako landa lurren mugak zehazteko. Guztira, landa eremuan dauden eta 357 hektareako azalera duten 175 lursail baino gehiago mugatuko dituzte.

Udalak azaldu duenez, "jabeek edo oinordekoek landa jabetzak ahazteak edo ez ezagutzeak, mugarriak eta mugak garbi ez egotea edo desagertzea" ekarri du. Horren ondorioz, mendia ez dela zaintzen nabarmendu du erakundeak, eta horrek nekazal mundurako "kalte larriak" eragiten dituela. Egoera horren aurrean erabaki du udalak lur horiek mugatzea. Dena den, herrian nekazal inguruneak duen zabalera kontuan izanda, udalaren arabera, proiektuarekin "erronka handi bati" aurre egin beharko dio Beizamak.

Oraingoz, aurrez aipatutako poligonoen mugak zehaztuko dituzte, eta gainontzeko poligonoenak, datozen urteetan. Proiektuaren helburuak dira mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea eta zuzentzea, eta mugarriei eta mugei GPS koordenadak ematea. Lanak behar bezala egin ahal izateko, udalaren esanetan, "ezinbestekoa" izango da 70 jabe baino gehiagoren laguntza, horiek mugakideekin lursailen mugak eta mugarriak adostu beharko baitituzte. Lanak bukatu ondoren, mugak zehaztuta eta mugarrien koordenadak dituzten planoak emango zaizkie jabeei, beharrezkoa izanez gero, katastroko mugak zuzenduz.

Beizamako Udalak dei egin die jabeei mugakideekin mugak adosten lagun dezaten, "ezinbestekoa baita lanak egin ahal izateko". Erakundearen arabera, mugakideen artean adostasunik ez badago, ezingo da proiektua aurrera eraman. Jabeen parte hartzea borondatezkoa da, eta ez dute ezer ordaindu beharko, baina aurrez mugak garbitu eta mugarriak topatu beharko dituzte altxatze topografikoa egiteko.

Beizamako 6., 7., 8. eta 11. poligonoetako landa eremuko lursailen jabe guztiek proiektua azaltzeko bilera baterako deialdi gutuna jasoko dute. Larunbatean, urriaren 8an, egingo dute bilera hori, 12:00etan, Beizamako Natur Eskolako hirugarren solairuan.

Beizamako poligonoak jasotzen dituen mapa. (Udala)